Marakana txikia

Marakana Txikia Legends: Realaren hamarkada miresgarria aztergai

Alberto Ormaetxearen eskutik, Realak bere historiako unerik onena bizi izan zituen 1979 eta 1983 bitartean. Testuinguru sozial zailean, talde gazte bat osatuz, Realak bi Liga eta Superkopa irabaztea lortu zuen. Ondoren, Toshack-en aginduetara, 1987ko Kopa. Taldea, jendartea eta klubaren bilakaera GARAko kazetari Joseba Iturriarekin batera aztertu ditugu.

Marakana Txikia Legends: Athletic eta Gabarra, herria elkartu zuten garaipenak

Ezustean eta 27 urtetako sikateari amaiera emanez, Athletic-ek Liga irabazi zuen 1983ko maiatzean Kanariar Uharteetan. Hurrengo urtean, Javier Clementek zuzentzen zuen taldeak, balentria bikoiztu zuen Liga eta Kopa irabaziz. Garaipen horien adierazlerik sinbolikoena gabarran egindako ospakizuna izan zen. Euskal jendarteak garai latzak bizi zituen 80ko hamarkadaren hasieran eta testuinguru sozial ilun horren baitan heldu ziren Athletic-en garaipen historiko horiek. Marakana Txikia Legends saio berezi honen lehen atalean, Juan Carlos Latxaga kazetariarekin batera, talde horren inguruko ardatzak aztertu ditugu.

Tsunami Democratic-ek milaka lagun mobilizatu zituen Klasikoaren aurretik

Futbola ekintza sozial gisa tratatzen dugu Marakana Txikia saioan. Horiek horrela, Bartzelonak eta Real Madrilek elkarren artean jokatu beharreko partidaren aurretik, Tsunami Democratic-ek deitutako mobilizazioak zuzenean jarraitu genituen. Milaka lagunek Camp Bou inguratu zuten, segurtasun neurri erraldoien artean, eta zelai barruan "Freedom" eta "Spain, sit and talk" leloa erakusten zituzten pankartak, afitxak eta pilotak ikusi ziren. Partidaren ostean, istiluak egon ziren Bartzelonako karriketan.

Zozulya auzia, VAR-ak emandako buruhausteak, Napoliko istorioak eta Aiaraldeko kirol urtekaria

Aurrenekoz, jokalari baten aurkako oihuak medio, partida bat bertan behera utzi dute espainiar Estatuan. Rayo eta Albaceteren arteko norgehiagokan, Bukaneros zaletu taldeak Roman Zozulya futbolariari "nazi" deitu zion. Ezaguna da Zozulyak Ukrainiako guduoi paramilitarrekiko duen atxikimendua. Gai honen inguruan zein euskal futbol taldeen emaitzei buruz aritu gara Alessandro Ruta eta Eñaut Barandiaranekin batera.

Napoles, antzerkia eta pizzaren hirian, futbola eta zinema elkartu ditu De Laurentiis familiak

Txapeldunen Ligako final zortzirenetako kanporaketetako zozketak, partida oso bereziak eskainiko ditu. Horietariko bat, Bartzelona eta Napoliren artekoa. Messik, Maradona mito bihurtu zuen zelaia bisitatuko du. Marakana Txikia saioan, Alessandro Rutaren eskutik, Napoli futbol taldean gertatutakoak aztertuko ditugu. Klubeko jabeak, Aurelio de Laurenttis zinema-ekoizle ezagunak, Carlo Ancelotti entrenatzaile kargutik kendu eta haren ordez Gennaro Gattuso izendatu du.

Errusia, orain arteko talderik onena

Dopinaren aurkako munduko agentziak (WADAk) Errusiaren aurkako zigor gogor plazaratu du. Ondorioz, Errusiako talde eta kirolariek ezin izango dute 2020ko Joko Olinpikoetan eta 2022ko munduko futbol txapelketan parte hartu euren herriko banderapean. Orain, Errusiako agintariek 21 egunetako epea izango dute euren helegiteak aurkezteko. Zigorra, eskubaloiko munduko txapelketaren erdian iritsi da. Errusiarrak txapelketako talderik sendoena izan dira orain arte eta ikusteke dago auzi honek eragiten dituen ondorioak. Japoniatik zuzenean, Nagore Odriozola kazetari zarauztarrak txapelketaren ingurukoak ekarri dizkigu.

Alvaro Romeo: "Ingalaterrako ligak zaletuekiko errespetu handia du"

Mundu mailan parekorik ez duen irismena eskuratu du Ingalaterrako Premier League txapelketak. Afrika eta Asiako merkatuetan duen erroari esker, dimentsio globala eskuratu zuen. Ondoren, jokalari zein teknikaririk onenak erakartzeko gaitasuna izan du. Talk Football irratiarentzat lanean dabilen Álvaro Romeo kazetari bilbotarrarekin hitz egiteko aukera izan dugu, Premier League-ren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko.

Sam Bowie Michael Jordanen aurretik, NBAko Draft-aren historiako akatsik nabarmena

1984ko Draft-era aurkeztu ziren jokalarien artean gerora mito bihurtu ziren Akeem Olajuwon, Michael Jordan, Charles Barkley edo John Stockton zeuden. Baita NBAn ibilbide sendoa osatu zuten Sam Perkins edo Kevin Willis ere. Jokalariak hautatzeko zerrendan, lehen postua Houston Rockets-entzat izan zen. Texaseko frankiziak Olajuwon fitxatu zuen. Bigarren aukera, Portland Trail Blazers-entzat izan zen. Oregoneko taldeak Sam Bowie pibota hautatu zuen eta, ondorioz, Michael Jordanek Chicagoko bidea hartu zuen. NBAren historia aldatu zezakeen erabakia. Bowiek lesio larriak pairatu zituen bere ibilbide osoan zehar eta Kentucky-ko Unibertsitatean erakutsitako potentzialetik oso urruti egon zen. Marakana Txikian, Alessandro Rutak osatutako soslaia.
hamaika telebista

Image