Hezurren memoria

Nor den nor

Nafarroan faxistek eragin zuten errepresioa ongi antolatuta zegoen. Ez zen errepresio indiskriminatua izan, oso selektiboa baizik. Nagusiki indar paramilitar karlista eta falangista izan ziren errepresio horren eragile nagusiak. Eragile nagisien izenak ezagutzea komeni da. Bestalde, gerra eta gerra ondoa enpresari batzuentzat negozio aukera izan zen. Erregimenak eskaintzen zizkien aukerak baliatu zituzten haien negozioak garatzeko eta dirua irabazteko.

Emakumeak gerra ondoren

Behin gerra bukatuta, orden faxista ezartzeko tenorea etorri zen. Emakumeentzat opari pozointsua zuten pentsatuta faxistek. Izan ere, emakumeak etxean gorde nahi zituzten, senarrari zerbitzua eskainiz eta haurrak hezteko zeregin esklusiboa esleituz. Errepublika garaian emakumeentzat irekitzen ari zen askatasun bidea errotik ezabatu zuten faxistek.

Makiak

Erbestean zeuden miliziano errepublikazaleek II. Mundu gerran parte hartu zuten nagusiki, Frantziako okupazioaren kontra borroka eginez. Faxismoaren kontrako jarduna Europan burutu zuten baina beti ere, frankismoarekin bukatzeko ideia buruan zutela. II. Mundu gerra bukatzen ari zenean indar aliatuak Espainiara begira jarri nahi izan zituzten horretarako muga zeharkatuko zuen gerrilari talde handi bat antolatuz. “Maki” izena hartu zuten gerrilari haiek.

Euskaldunon hizkuntza helburu

Frankismoa bereziki krudela izan zen euskal hiztunekin. Izan ere, Espainia bat eta bakarra lortzeko asmoaren barruan española ez ziren hizkuntzen kontra jo zuten haiek bizitza sozialetik ezabatzeko asmoarekin. Mota guztietako zigorrak eta errepresioa pairatu zuten euskal hiztunek eta bereziki krudelak izan ziren eskola bitartez haur euskaldunek pairatu behar izan zituzten mota guztietako umiliazioak.
hamaika telebista

Image