Gure begiz

Vero Satrustegi: "Castillok data sinbolikoan hartuko du kargua Perun, Independentzia Egunean"

Veronica Satrustegi Perun bizi den kazetaria izan dugu Hamaika Telebistan. Hego Amerikako egoera soziopolitikoa aztertu dugu, hainbat herrialdeetako egunerokotasunari helduta. Peruko hauteskundeen ondorena, Txileko eskualdeetako hauteskundeak, Kolonbiako istilu eta hilketak, Nikaraguako oposizioko buruzagi batzuen atxiloketak eta hidrokarburoen prezioaren igoera salatzeko Ekuadorreko indigenek egin dituzten protestak izan ditugu hizpide, besteak beste.

Ugo Mayor: "Optimistak izan behar dugu, baina alerta mantendu behar dugu aldaeren aurrean"

Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Salatu duenez, birusarekin lanean ari diren ikerlariak ez dituzte txertatu oraindik, eta "ulertezintzat" jo du egoera. Bere esanetan, dekretu batek jasotzen du birusarekin lan egiten dutenei babesa eman beharko litzaiekeela txertoa baldin badago, baina administrazioak esan die adinez tokatzen zaienean jasoko dutela.

Egoera epidemiologikoaz galdetuta, datuek hoberantz egiten duten heinean eta txertaketa geroz eta orokortuagoa den heinean, optimistak izateko arrazoiak badaudela onartu du ikertzaileak, baina aldaeren aurrean "adi" egoteko deia egin du; izan ere, Delta aldaera esaterako, kutsakorragoa dela aipatu du.

Julen Bollain: "Osasun eskubidea interes merkantilisten gainetik jarri beharko litzateke"

Julen Bollain 'Right2Cure Euskadi' plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Patenteak askatzearen alde sinadura bilketa abiatu du plataformak, eta Europako Legebiltzarrean aurkeztea da helburua, bertan eztabaidatzeko aukera zabaltzeko.

G7 Goi Bilerak eta Munduko Nazioarteko Funtsak proposamenak luzatu dituzte azkenaldian txertoen banaketa desparekoarekin amaitzeko; txertoak banatzea edo diruarekin laguntzea dira proposatutakoak. Bollainek adierazi duenez, bidea ez da karitatea: "Erantzun demokratikoa patenteak askatzea izango litzateke", defendatu du. Hori horrela, patenteen liberalizazioei esker, 12 milioitik 60 milioi txerto ekoiztera igaroko liratekeela nabarmendu du. Oztopo nagusiak, ordea, Europa eta farmazeutikoak direla salatu du Bollainek, "txertoen behin behineko liberalizazioak kolokan jarriko lukeelako farmazeutikoen boterea".


Milioi bat sinadura behar dira abuzturako, eta hemen sina daiteke.

Pello Bilbao: “Taldea bete-betean dago; azken lasterketetan sekulako mailan ibili gara”

Maglia arrosa norgehiagoka bukatu da dagoeneko, baina Frantziako Tourra ate joka dago. Pello Bilbao Italiako Giroko euskal txirrindularirik onenarekin hitz egin dugu Gurean Gaur magazinean. Bahrain Victorious taldeko txirridulariak markak apurtzen jarraitzen du, eta bere hurrengo erronka Tourreko etapak irabaztea izango dela adierazi digu. Horrez gain, Olipiar Jokoetan parte hartzeko itxaropentsu dagoela esan digu.

hamaika telebista

Image