Elkarrizketa

Nafarroa Berriz Altxa: 'Burujabetza ezinbestekoa da XXI.mendean ditugun erronkei aurre egiteko'

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimeneko kidea den Joseba Compains elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Amaiurko batailaren 500. urtemuga aprobetxatuta, “errepublika aske eta burujabe batera” joateko prozesuari hasiera eman nahi dio Nafarroa Berriz Altxa plataformak, ekainaren 5rako deitu du Amaiurraldia. Ekimenari buruz eta plataformaren helburuei buruz luze aritu gara Compainsekin.

Nafarroako eta Euskal Herri osoko herritarrek burujabetzarako beharra dutela aldarrikatzen dute. Horretarako, iraganera begira jarri dira etorkizunari bide emateko. Amaiurraldia "oroitzapenerako eta aldarrikapenerako" eguna izango dela dio, baina "gaurkotasun handikoa" badela azpimarratu du.

Nafarroa Berriz Altxak burujabetza aldarrikatzen du "erabakien gaineko burujabetza" izateko; esparru guztietan (ekonomikoa, politikoa, kanpo harremanetan)... eta esparru politiko instituzionaletik baino, "herri mugimendutik" etorriko dela uste dute. Euskal Herriak XXI. mendean dituen erronkei aurre egiteko burujabetza ezinbestekoa dela uste dute.

Ekainaren 5eko aldarrikapenerako egun horren ostean, "hausnarketarako fase bat" abiatuko dutela iragarri du Compainsek, mugimendu gisa, burujabetzaren bidean pausoak definitzeko eta etorkizuna erabakitzeko.

Agus Hernan: 'Presoen gradu progresioak eta baimenak mesedeak diren ideia deseraiki behar da'

Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Auzitegi Nazionala, espetxeetako zaintza batzordeen iritzien aurka, presoen baimen nahiz hirugarren gradurako eskaerak "ia modu sistematikoan" atzera botatzen ari dela salatu du. Auzitegi Nazionala da presoen irteerak blokeatzen ari dena, espetxeetako zaintza batzordeen iritziaren aurka. Martxoaren 25era arte bildutako datuen arabera, 76 baimen ukatu dira, 34 pertsonari eragiten dietenak.

Legea, ordea, argia da. Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluak zehazten du presoen birgizarteratzea dela espetxe politikaren funtsa. Baina euskal presoei ez zaie birgizarteratzea onartzen, tartean bigarren graduan egonik irteera baimenak ukatzen zaizkie.

Gradu progresioetan aurrera egiteko baldintzetako bat da egindako minaren aitortza egitea; bide hori hartu dute hainbat euskal presok, baina Hernanek salatu du Audientzia Nazionaletik erantzun estandarizatuak jasotzen dituztela indibidualki eginiko idatzien aurrean. Ez hori bakarrik, baizik eta espetxeek gradu progresioaren harira hartutako erabakien aurka helegiteak "ia sistematikokI" jartzen dituela adierazi du.

ETAren jarduera armatuaren amaieratik hamar urtera, egoera "ulergaitza" dela deitoratu du Hernanek. EPPKko presoek hartutako erabakiei eusteko eskatu die, hasitako bidean aurrera jarraitzeko nahiz eta egoerak frustrazioa ekartzen duen.

Auzitegi Nazionalak euskal presoak birgizarteratzeko ibilbideak oztopatzen ari dela salatu du Hernanek, "izugarrizko tapoia" sortzen ari dela azaldu du. Dena den eta aurrerapausoen aurkako lobby bat dagoen arren, “poliki-poliki azaleratzen ari da legedia arrunta betetzearen aldeko kontsentsua.

“Bake prozesuan eraikitzeko prozesuan” garela azaldu du, eta bide horretan gizarte zibilaren funtzioa “argia” dela dio. Instituzioak eta alderdi politiko, sindikal eta eragile sozialek “kontsentsu minimo” batera heldu direla nabarmendu du. Biktimek “ahalduntze prozesua” bizi dutela eta euren ahotsa “pisua hartu” duela. Zentzu horretan, urrats garrantzitsu eta esanguratsuak ematen ari direla uste du. Biktimak, presoak eta memoria kritiko inklusiboan pixkanaka “egoera berriak kontsolidatzen” ari direla, alegia.

Hainbeste urte euskal presoei aplikatu zaien “salbuespenezko politika” eta gaur egun Audientzia Nazionalean gertatzen ari denara "ohituta" gaudela dio; eta badagoela pentsatzen duenik hirugarren gradua ez dela espetxean egotea; hala nola gradu progresioak "mesedeak" direla. Hernanek argi azaldu du espainiar Konstituzioak hitzartutako eskubideak direla gradu progresioak eta bestelako urratsak, eta ez inolako benefiziorik; “Hau da Euskal Herrian ere deseraiki beharreko ideia bat”, gehitu du.

Imanol Zinkunegi eta Miren Berasategi: 'Orkestra Lurtarra animaziozko komedia zoro bat da'

Orkestra Lurtarra animaziozko filmeko Imanol Zinkunegi zuzendaria eta Miren Berasategi ekoizlea elkarrizketatu ditugu Hamaika Telebistan.

Apirilaren 8an estreinatuko dute zinema aretoetan filma. Harkaitz Canok 2014an idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta dago, Euskadi Literatura Saria jaso zuen urte horretan. Lotura Films ekoiztetxeak istorioa egokitu eta gaurkotu du. Miren Berasategi da ekoizlea, eta zuzendariak Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce. Lehen biak izan ditugu gonbidatu nagusi.

Imanol Zinkunegik azaldu duenez, liburuan dauden pertsonaia batzuk mantendu dituzte filmean, baina pertsonaia berriak ere badaude. Musika aldetik, gaurko musika erabili dute klasikoa beharrean.

Manu izeneko mutil ameslaria da protagonista. Musika-banda bat sortu nahi du, eta horretarako, laguntza eskatzen die bere lagunei. Horixe da filmaren abiapuntua; eta hemendik aurrera banan-banan azaltzen zaizkigu pertsonaia xelebre eta bereziak. Musikak, beraz, garrantzi berezia hartzen du film honetan. Joseba Ponce ibilbide luzeko musikaria eta zuzendariaren eskutik idatzitakoa. Hainbat euskal musikarik ere 'kameoak' egiten dittuzte marrazki moduan; modu "errealista" batean.

Miren Berasategi ekoizleak nabarmendu duenez, Lotura Films-ek egitendituen lanak "euskaraz sortuta mundura bidaiatzen dute". Izan ere, estreinaldia Euskal Herrian ez ezik, beste hizkuntza batzuetara itzuli da eta Katalunian zein Espainian ere ikusgai izango da Orkestra Lurtarra.

Film familiarra dela azaldu du Berasategik, 6-8 urtetik aurrera, baina baita helduek disfrutatzeko pelikula ere; umorea eta ukitu "ganberroak" dituena.

Pandemiaren ondorioz bizitako testuingurua gogoan, zinema-aretoak betetzeko deia egin dute ZInkunegik eta Berasategik. "Zineman ikusteko moduko filma da honakoa, musikak hartzen duen garrantziagatik, besteak beste", aipatu dute. Apirilaren 8an izango da estreinaldia.

Maria Ruiz de Gopegui: 'Aldaketa klimatikoa kontu politikoa eta soziala ere bada'

Gaurkoan Maria Ruiz de Gopegi Klima Aldaketa Ikergai taldeko kidea izan dugu Hamaika Telebistan.

Urte batzuk badi klima larrialdia erdigunean jarri zenetik, Mariak azaldu duenez, askotan esan da aurrera eramaten ari den modeloa ez dela egokia eta benetako aldaketa bat behar dugula, naturari eta energia berdeei indarra emango diena. Horrez gain, askok aldaketa klimatikoa zientziarekin lotzen dutela azaldu du, baina, zientifikoaz gainera, kontu politikoa eta soziala ere badela nabarmendu du Mariak. Erronka multisektoriala dela adierazi du, eta gauzak errotik aldatzeko ikuspegi zabala eta transbertsala behar dugula izan.

Halaber, mende amaierarako batez besteko tenperaturak igo egingo direla aurreikusten dela azaldu du, eta balitekeela izotz boladak desagertzea. Ildo horretan, prezipitazioetan ere aldaketak izango dira, hots, azaldu duenez, hilabete batzuetan ur eskasia aurreikusten da; bestalde, prezipitazioak direnetan muturrekoak izango dira, eta honek eragin zuzena izango du hondartzetan itsasoko mailak nabarmen egingo duelako gora.

Berebat, hirigintza eredua aldatzeko beharra azpimarratu du, orain arteko hiria produktibitatearen aldeko izan dela, efizientzia ekonomikoa erdigunean izan duena, zaintza alde batera utzita. Hala, natura hirietan integratuko duen modelo baten beharra aldarrikatu du.

Jon Kortazar: 'Ukrainaren narratiba nazionalaren zentro bihurtu dira ultraeskuinaren ikurrak'

Jon Kortazar EHUko irakaslea, historialaria eta Geopolitikaz taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hilabete igaro da dagoeneko. Egoera aurreikustea zaila izan dela azaldu du Kortazarrek. Baita, gatazka lehendik datorrela; 2014ko Estatu Kolpea. Orain "gerraren beste fase bat" hasi dela nabarmendu du Kortazarrek. Bien bitartean, egunotan NATO, G7 eta Europako Kontseiluak goi-bilerak egingo dituzte Zelenski Ukrainako presidentearekin (telematikoki); hau "berrikuntza" dela aipatu du.

Militarki, egoera "nahiko txarrean" ikusten du Zelenski, populazioa asko sufritzen ari dela dio, baina ez daukala oso argi "mendebaldetik gerra honen 'epeltze' bat nahi ote den". Ildo honetatik, gerraren luzatzeak zer-nolako interesei erantzuten dion azaldu ditu AEBri, Europari eta Errusiari dagokionean. Laburbilduz; munduko ordenaren ardatza aldatzen ari dela azaldu du; aurretik zetorren gauza dela. AEBk boterea galtzen ari du teknologikoki eta dolarizazioaren aldetik ere; "Txinarentzat gerra hau pagotxa da".

Bingen Zupiria: 'Ukrainako gerrak erakutsi digu nolako ahultasuna dugun energiaren ikuspegitik'

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da Hamaika Telebistan.

Ukrainako gerraren ondorioek nabarmen jaitsi dute aurreko aurreikuspenaren hazkunde-maila, eta langabezia tasaren aurreikuspenak ere aldatu dira. Bingenek adierazi duenez, inork ez daki oso ondo zein izango den datozen hilabeteetako eta urteetako egoera. Izan ere, 2020an pandemiari lotutako itxialdiaren eraginez "aberastasuna sortzeko gaitasuna" asko jaitsi zela azpimarratu du; eta 2021ean nahiz eta ekonomiak pauso bat egin zuen aurrera, ez zuela 2019ko egoera berreskuratu. Aurten, ordea, ekonomia % 6 igoko zela uste zela azaldu du eta 2019ko mailara iritsi ahalko ginatekeela. Hala ere, azpimarratu du Ukraina eta Errusiaren arteko gerrak eragin duen egoera ekonomikoak ogasun sailak datuak berrikustera eraman duela, "inork ez zuen halako egoera bat espero" esan du. Azpiazuk adierazi bezala, nahiz eta aurreikuspenak jaitsi, egongo den hazkundea "handia" izango dela gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako bozermaileak.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image