Image

Elkarrizketa

Gontzal Agote, Bertsozale elkartea: 'Aurtengo finalaren argazkia plazan gertatzen ari den aldaketa baten isla da'

Gontzal Agote Bertsozale elkarteko kideak Bertsolari Txapelketako finalaren aurre balorazioa egin du. Oro har, pozik daudela azpimarratu du, jasotzen ari diren lehen inpresioak oso positiboak direlako. Aurtengo finalisten argazkia desberdina izan da, hiru emakume eta hiru aurpegi berri, Agotek nabarmendu duenez, plazaren irudia aldatzen ari denaren seinale.

Mikel Arruabarrena, EAJ: 'Osakidetzan lan gatazkak gertatzea naturala da'

Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Osakidetzako krisia izan du hizpide, eta azpimarratu du Osakidetzan lan gatazkak gertatzea “ia-ia naturala” dela. Horrez gain, nabarmendu du Sagardui “ia egunero” ari dela azalpenak ematen kontrol batzordeetan edota legebiltzarrean, eta adierazi du elkarrizketaren bidea “zabalik” dagoela: “Hurrengo asteetan ikusiko dugu ziur aski nola lasaitzen diren urak”.

Era berean, nabarmendu du Osakidetzari askotan leporatzen zaiola murrizketak egin izana eta pribatizazioa, eta biak gezurtatu ditu: “Osakidetzaren aurrekontuak gora egin du azken 10 urteetan, eta datorren urteko aurrekontuetan inflazioa baino igoera handiagoa aplikatu zaio Osakidetzaren aurrekontuari; murrizketarik ez dagoela datu objektiboa da”. Pribatizazioari dagokionez, azpimarratu du Osakidetzan “dena” dela “publikoa”: “Ez dugu hitzarmenik egin kudeaketa publiko pribatua izateko, eta etorkizunean ere horrela jarraitzeko intentzioa daukagu". Horrez gain, gehitu du gizarteak ere baduela lana lehen arretako eta pediatriako langileei “prestigioa ematen".

Aurrekontuen negoziazioari dagokionez, azpimarratu du horiek adosteko “gogoa eta jarrera” eduki duela Jaurlaritzak. Ordea, dio testuingurua “gakoa” dela beste alderdien jarrera ulertzeko, hauteskundeak gertu daudelako. Hezkuntza Legearen zirriborroaren aurkako protestak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du Bildarratzek “sorpresaz” hartu zuela greba deialdia: “Oraindik ez daukagu testurik; oraindik ez da greba egiteko momentua. Itxaron dezagun sindikatu eta eragileen proposamenak entzunda osatzen den testuari”. Alderdiak adostasunak lortzeko gai izango direla baieztatu du.
Horrez gain, azpimarratu du ez dela onargarria Auzitegi Konstituzionalaren erabakia: “"PPren aldarrikapen politikoei men egin die Auzitegi Konstituzionaleko kide batzuk; epaitegietatik politika egitea ez da onargarria”. Gehitu du “min handia” egin diola demokraziari, eta “aurrekari arriskutsua” jartzen duela: “Edozein parlamentarik martxan dagoen aldaketa judizial bat geldiarazi du epaitegien bitartez, eta horrek oso aurrekari arriskutsua jartzen du”.

Aitor Agirrezabal, Hatortxu Rock: 'Pozik gaude egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin'

Aitor Agirrezabal da Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileetako bat. Jaialdiaren helburua dispertsioaren aurka milaka lagun elkartzea da, babes emozionala eta babes ekonomikoa lortzeko. Bi helburuak lortu dituztela azpimarratu du Agirrezabalek, esperotako emaitzetara heldu direla eta dispertsioaren kontra ekarpen ekonomikoa egiteko moduan daudela lortuta emaitzarekin. Aurtengo leloa 'Gertu' izan da. Hala ere, Agirrezabalek esan bezala, gertu izateak ez du esan nahi helmugara iritsi garenik, oraindik bada lana. Orain arteko bidea ez da besterik gabe gertatu; izan ere, egungo egoeran bagaude, egindako lanagatik izan dela, eta geratzen den bidea, orain arte bezala, elkartasun eta auzolanez egiten jarraitu behar dela nabarmendu du.

Ane Miren Zelaia, ELA: 'Bizkaiko metalgintzan greba mugagabe baterako unea da'

Ane Miren Zelaia ELA sindikatuko talde eragileko kidea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Osakidetzako krisiari heldu dio lehenengo, eta salatu du Osakidetzako arazoa “aspalditik” datorrela: “Badirudi arazoak orain egin duela eztanda, baina sindikatuek urteak daramatzagu salatzen; gertatu dena da orain ezin dela ezkutatu”. Nabarmendu du egoera “kritikoa” dela, eta Donostian gertatu dena “sintoma” baino ez dela: “Osakidetzako 29.000 langile baino gehiago behin-behinekotasunean daude, langileek %20ko erosahalmena galdu dute…”.

Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemos-IU: 'Eusko Jaurlaritza bera izan da hezkuntza hitzarmena hautsi duena'

Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Martinezek salatu du Hezkuntza Legearen aurreproiektuan ez direla txertatzen Hezkuntza Hitzarmenean adostutako hainbat proposamen, eta hainbat dekretu onartu direla. Besteak beste, “oso urraketa larritzat jo du 0-3 urte arteko gelak ituntzearen proposamena, itunpekoen sarea indartzen duelako eta eskola publikoaren aurkako neurria” delako.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image