
Analisia
Migrazio gaiei begira ekin diogu analisiaren tarteari Ane Irazabal kazetariarekin. Azaldu digu Mario Draghiren helburua Libiarekin ere Turkia eta Marokorekin lortutakoen antzeko akordio bat lortzea dela migratzaileei bidea Afrikan bertan ixteko. Irazabalen iritziz "migrazioan eskuin muturraren aldarrikapen asko bere egin ditu Draghik".
Altuna eta Rezustaren arteko buruz buruko finalari buruz hizketan ekin diogu asteburuak kiroletan emandakoaren errepasoari Ane Urkiri kazetariarekin. Golfean Jon Rahmek AEBetako irekian lortutako garaipen handiari buruz ere hitz egin dugu, eta baita euskal txirrindulariek Espainiako txapelketan lortutako emaitzei buruz ere. Amaitzeko, Eurokopak azken egunotan emandakoa errepasatu dugu.
Departamentu eta eskualde mailako hauteskundeen lehen itzulia izango da igande honetan Ipar Euskal Herrian. Hauteskunde hauen garrantziaz gain, kontutan izateko hiru puntu azpimarratu nahi izan dizkigu Eguzki Urteagak: abstentzioaren igoerak izan dezakeen eragina, eskuin muturrak lor ditzakeen emaitzak, eta gurean behintzat alderdi abertzaleek izan dezaketen garrantzia.
Estatu espainiarreko politikari buruz jardun dugu, beti bezala, Iñigo Aduriz kazetariarekin. Gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemosek alokairuen lege bat egiteko lortutako akordioari buruz hitz egin digu, eta baita Sanchezek Bruselan NATOren goi-bileran Bidenekin izandako bilera azkarrari eta preso politikoen indultuen gaia politika espainiarrean eragiten ari denari buruz ere.
Nafarroako euskararen legeak "eremu ez euskaldun" gisa definitzen duen horretan euskara ez du meritu gisa aintzat hartu nahi Foru Gobernuak. Hala baieztatu du aste honetan Maria Txibite lehendakariak berak. Jarrera hori ulertzeko PSNren ibilbideari erreparatu dio Estitxu Garaik.
Horrez gain, Gasteizko legebiltzarrak ustelkeriaren aurkako bulego independente bat martxan jartzearen aurka EAJ eta PSEk emandako botoei buruz eta lehen sektorea pairatzen ari den egoera ekonomikoari buruz ere jardun dugu.