Analisia

Leire Regadas: "Junts pentsatzen ari da agian legealdia ez dela osorik beteko"

Kataluniatik, gaur eta bihar artean egiten ari diren Pere Aragonèsen inbestidura saioari buruz hitz egin digu Leire Regadas lankideak. Hauteskundeak egin eta hiru hilabete pasatxo beranduago izendatuko dute presidentea. Negoziaketak ez dira errazak izan, eta horrek eragina izan dezake lehendik ere okerrera egiten ari ziren ERC eta Juntsen arteko harremanetan.

Eguzki Urteaga: "Ikasleek hartua dute Brebeta euskaraz egiteko erabakia"

Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuz mobilizazioak egin dituzte aste honetan Ipar Euskal Herriko hainbat kolegiotako ikasleek. Eguzki Urteagak azaldu digu ikasleek dagoeneko hartua dutela azterketa euskaraz egiteko erabakia. Bere iritziz logikoa osoa du gainera horrek, “irakaskuntza euskaraz jaso duten heinean proba horiek ere euskaraz eta irizpide horien arabera ebaluatuak” izan beharko luketelako.

Estitxu Garai: "Etsaiaren kontrako eta mendekuzko kartzela politika bat izan da"

Espetxe politikaren biktimei zor zaien aitortza aldarrikatu dute gaur Etxeratek eta Egiari Zor fundazioak. Azken hamarkadetan espetxe politikak izan dituen eraginak aztertu ditugu Estitxu Garairekin.

Horrez gain, auzitegiek Irungo udaltzaingorako euskara eskakizuna bertan behera utzi izana “jarrera etnizida eta linguizida” dela adierazi digu. Amaitzeko, Eskoziako hauteskundeen emaitzak eta independentzia erreferendum berri bat egiteko aukerei buruz ere jardun dugu.

Oihana Teyseire: “Karriketan hasi gara deseskaladaren aldaketak sumatzen"

Asteazken honetan sartuko da indarrean Ipar Euskal Herrian Covid-19aren aurkako neurrien deseskaladako bigarren fasea. Ondorioz orain arte indarrean egon diren hainbat neurri bertan behera geratuko direla azaldu digu Oihana Teyseire kazetariak, eta baita txertaketa prozesua nolakoa izaten ari den ere.

Horrez gain, Etxepare Lizeoko ikasleek ostiral honetarako antolatutako protestari buruz ere hitz egin digu.

Ane Urkiri: "Alavesek salbazioa eskuratu du baina Eibar bigarren mailara jaitsi da"

Asteburuak kiroletan emandakoaren errepasoa egin dugu, astelehenero bezala, Ane Urkiri kazetariarekin. Ezinbestean, gizonezkoen futboleko lehen mailan Alaves eta Eibarrekin gertatutakoari buruz hizketan ekin diogu tarteari. Arabarrak salbatu diren ia ordu berean ziurtatu baita talde gipuzkoarrak datorren urtean bigarren mailan jokatuko duela.

Horrez gain emakumezkoen futbolean Champions Leagueko finalean Barçak lortutako garaipena, buruz burukoan izandako lehenengo kanporaketak, Bera Berak Europarako txartela eskuratu duela eta Giroaren orain artekoa izan ditugu hizketagai.
hamaika telebista

Image