Analisia

Ekaitz Telleria: "Amorrua ematen digu Osakidetzak gurekin duen jarrerak"

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpikontratatutako anbulantzietako langileek ere COVID-19aren aurkako txertoa hartu nahi dute. Hori eskatuz, elkarretaratzea egin dute goizean, Donostia ospitalearen atarian, ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta CNT sindikatuek deituta. Bertan salatu dutenez, ez diete oraindik txertaketa egutegi bat aurkeztu ere egin. Gaur Donostian egin bezala, bihar Bilbon elkartuko dira, eta hilaren 23an, Gasteizen. Orotara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako 1.500 langile inguru daude oraindik txertoa noiz jasoko jakin gabe.

Eguzki Urteaga: "Eskuin muturreko 25 erakunde izan ziren Euskal Herrian 1975-1985 artean"

Eguzki Urteaga izan dugu gaur Gakoak saioan. 1975 eta 1985 urteen artean ultraeskuinak egindako eraso edo atentatuen zerrenda aurkeztu du aste honetan Nafarroako Gobernuak. Garai hartan eskuin muturrak Euskal Herrian zuen presentziari buruz, gobernu espainiarrak jardun horretan duen paperari buruz eta “X” jaunari buruz hitz egin dugu.

Horrez gain, ELA sindikatuak EAEn behar baino zerga gutxiago ordaintzen dituzten enpresei buruz egin duen txostenari buruz ere jardun dugu. Sindikatuak salatu du enpresa askok ez dutela deus ere ordaintzen irabazi handiak dituzten arren, eta beste askok sozietateen zergaren tipo nominala aintzat hartuta ordaindu beharko luketena baino askoz gutxiago ordaintzen dutela.

Alfre Elgezabal: "Bizkaia ekialdeko arnasgune batzuek arnasgune izateari utzi diote"

Gurutzetako ospitaleko osasun langileekin hitz egin du aste honetan Alfre Elgezabalek,e ta eurek kontatutakoa ekarri digu Gakoak saiora. Nekatuta daudela azaldu digu, oso nekatuta, eta egoera hau animikoki eragiteaz gain psikologikoki ere ari zaiela eragiten.

Horrez gain, Bizkaiko hainbat arnasgunetako egoerari buruz hitz egin digu. Horietako hainbatetan behera egin du euskararen erabilerak, eta horretan Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrek duten eragina azaldu digu.
hamaika telebista

Image