Gakoak

Leire Regadas: "Independentziarako bide orria alboratu dute ERCk eta Juntsek inbestidurarako"

Badirudi oraingoz behintzat uxatu dutela Katalunian hauteskundeak errepikatzeko aukera. CUPen bitartekaritzarekin inbestidurarako aurreakordio bat sinatu dute ERC eta Juntsek. Akordioaren nondik norakoak azaldu dizkigu Leire Regadasek Bartzelonatik.

Horrez gain, banaketako aplikazioak dituzten enpresentzat lan egiten duten 'rider'-ei buruz ere hitz egin dugu. Onartu berri den legediak dio enpresa horietako langileak direla, eta ez autonomoak, enpresek zioten moduan.

Ane Irazabal: "Gazako bonbardaketen fluxua 2014koa baino gogorragoa izaten ari da"

Palestinako egoera aztertu dugu Ane Irazabal kazetariarekin. Berak bertatik bertara bizi izan zuen 2014an Israelek Gazan egindako erasoaldia. Azaldu digu orain bertan daudenek diotela ordukoa baino are gogorragoa izaten ari dela erasoaldi hau.

Lanpedusako egoerari buruz ere hitz egin dugu. Europaren ateetako bat da irla italiarra, eta azken egunotan 2.500 pertsona iritsi dira bertara itsasoa zeharkatuta. Azaldu digu uneotan 1.500 lagun baino gehiago daudela migratzaileen harrera gunean eta horietatik 500 bakarrik iritsi diren adin txikikoak direla.

Estitxu Garai: "Jaitsi direnak salaketak izan dira, ez indarkeria matxista kasuak"

Etxeratze agindua bertan behera geratu berritan, alarma egoera bertan behera geratu izanari buruz eta erakundeen kudeaketari buruz hitz egin digu Estitxu Garaik. Horrez gain, gaur jakin dugu pandemia hasi zenetik indarkeria matxistarekin lotutako salaketa kopurua %19 murriztu dela. Garaik azpimarratu digu ordea jaitsi direnak salaketak izan direla, ez indarkeria matxista kasuak.

Ane Urkiri: "Bikote indartsua osatu dute Elezkano eta Zabaletak finalean ere"

Astero bezala, asteburuak kiroletan utzitakoaren errepasoa egin dugu Ane urkiri kazetariarekin. Bera Berak liga irabazi du asteburuan. Oraindik bi partida geratzen zaizkie liga amaitzeko, baina asteburu honetako garaipenarekin matematikoki ligako txapeldunak dira gipuzkoarrak. 2 partida berdindu eta gainontzeko denak irabazi dituzte gainera oraingoz.

Horrez gain, Alex Txikonek bertan behera utzi du Everesteko espedizioa Covid-19a kanpamenduan zabaltzen ari zelako eta Miren Lazkanok irabazi du piraguismoko Europako C-1 txapelketa. Amaitzeko, eskuz binakako txapelketan Elezkano eta Zabaletak lortutako garaipenari buruz hitz egin digu Urkirik.
hamaika telebista

Image