Izaskun Gomez: "Ikasleak eredu izan dira"

Pandemiak hezkuntzan izan duen eragina izan dugu hizpide 'Altxa Burua' saioaren hirugarren atalean. Izaskun Gomez Antsoaingo Ezkaba eskolako irakaslearen esanetan, "oso gogorra eta konplikatua" izan zen konfinamendua. Oso pozik daude ikasturtearekin, eta ikasleek izan duten jarrerarekin.

Bere esanetan, konfinamenduan zailena izan zen ikasleen jarraipena "urrunetik eta teknologikoki" egitea; ikasleek zein behar zituzten ikusten hasi ziren, eta eskolako baliabideak erabili zituzten behar horiei erantzuteko: "Telefonia konpainiekin hasi ginen hitz egiten interneteko konexioa lortzeko, ordenagailuak eman genizkien...". 

Nabarmendu du askotan hedabideetatik jasotzen zutela informazioa, eta horrek zaildu egiten zuela gurasoekiko harremana: "Zuzendaritzakideek garrantzitsutzat jo zuten informazioa lehen pertsonan jasotzea, gurasoak guregana etortzen zirelako informazio eske".

Ikasturte berriarekin batera, "beldur" handia sentitu zuten, baina nabarmendu du ikasleak "eredu" izan direla: "Ikasleek irakaspen handiak eman dizkigute, eta neurriak oso ondo bete dituzte". Konfinamenduak izan dituztela adierazi du, baina espero zutena baino kasu gutxiago izan dituztela azpimarratu du: "Jarraipena eman zaie ikasleei, eta ongi baloratu dute hori gurasoek zein ikasleek".

Gomezek azpimarratu du pandemiak agerian utzi duela zeinen garrantzitsuak diren ikasleekin hurbiltasuna eta kontaktua: "Hori ezin da ordezkatu; gehiago baloratu beharko genuke".

Zerikusia duten artikuluak