Skip to main content

Hamaika Telebistak uztailaren 1ean itxiko du Gasteizko egoitza

Prentsa oharrak

Euskal hedabideak, inbertsio estrategikoa

Hamaika Telebistak uztailaren 1ean itxiko du Gasteizko egoitza, egoera ekonomikoak behartuta, baina euskarazko komunikazio-proiektuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Hamaika Telebistak uztailaren 1ean itxiko du Gasteizko egoitza. Erabaki mingarria da guretzat. Azken urteotan Araban presentzia fisikoa izatea erabaki estrategikoa izan da Hamaika Telebistarentzat, euskararen normalizazioan, lurralde orekan eta Arabako errealitatea gertutik ezagutzeko eta kontatzeko egin dugun apustuaren barruan. Hala ere, egungo egoera ekonomikoak neurri hau hartzera behartu gaitu.

Argi utzi nahi dugu egoitzaren itxierak ez duela Hamaika Telebistaren proiektuaren amaiera esan nahi. Are gehiago, euskarazko ikus-entzunezko komunikazio-proiektu gisa lanean jarraitzeko dugun konpromisoa berresten du. Baina, aldi berean, ezin dugu ezkutatu gertatzen ari denak kezka eragiten digula, ez Hamaikaren etorkizunagatik bakarrik, baita euskal komunikazio-sistemaren osasunagatik ere.

Izan ere, egoitzaren itxiera ez da gertakari isolatu bat. Azken urteotan hainbat euskal hedabidek jarduera murriztu behar izan dute edo desagertu egin dira, eta beste proiektu askok egoera ekonomiko zaila bizi dute. Hamaikaren kasua ez da salbuespena; euskarazko komunikazio-sistemak dituen ahulgune estrukturalen erakusgarri ere bada.

Komunikazioaren sektorea eraldaketa sakonean murgilduta dago. Kontsumo-ohiturak aldatu egin dira, plataforma digital berriak nagusitu dira, publizitatearen merkatuaren zati handi bat nazioarteko eragileen esku geratu da eta adimen artifizialaren iritsierak beste erronka batzuk gehitu dizkio sektoreari. Testuinguru horretan, euskarazko hedabideok etengabe berritu behar dugu, baina baliabide ekonomiko oso mugatuekin.

Horregatik, beharrezkoa da gogoratzea euskal hedabideen balioa ezin dela soilik irizpide ekonomikoen arabera neurtu. Euskal hedabideon errealitatea da finantzaketa gero eta zailagoa dela. Merkatu txiki batean jarduten dugu, publizitatearen zati gero eta handiagoa plataforma globaletara bideratzen da, eta euskarazko eduki profesionalak sortzeko behar diren baliabideak ez dira txikiagoak beste hizkuntza batzuetan baino. Horren ondorioz, ezin da euskarazko komunikazio-proiektu baten ekarpena bere errentagarritasun ekonomikoaren arabera bakarrik baloratu.

Gainera, teknologia berriek informazioa sortzeko eta zabaltzeko aukera berriak eskaini dituzten arren, kazetaritzaren balioa ez da gutxitu; kontrakoa gertatu da. Desinformazioaren, informazio-gehiegikeriaren eta eduki automatizatuen garaian, kazetarien lana inoiz baino garrantzitsuagoa da. Euskal hedabideetan profesionalak daude gertatzen dena kontrastatzen, testuinguruan jartzen eta herritarrei kalitatezko informazioa eskaintzen. Horixe da hedabide baten benetako balioa.

Euskarazko komunikabideek, gainera, funtsezko ekarpena egiten diote hizkuntzaren normalizazioari. Euskararen erabilera-eremuak sortzen dituzte, hizkuntzari prestigioa ematen diote eta herritarrei informazioa, entretenimendua, kultura eta eztabaida publikoa euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen diete. Hizkuntza bat ez da bizirik mantentzen hezkuntzaren bidez bakarrik; eguneroko erabilerarako espazioak ere behar ditu, eta hedabideok espazio horiek sortzen ditugu egunero.

Era berean, euskal hedabideek balio demokratiko handia dute. Tokiko errealitatea lantzen dute, gertuko eragileei ahotsa ematen diete eta herritarren kezkei arreta eskaintzen diete. Informazioa gero eta zentralizatuago dagoen garai honetan, euskal komunikabideek gertuko begirada eta ikuspegi propioa eskaintzen dituzte, gure herriaren errealitatea euskaratik kontatuz.

Horregatik guztiagatik, euskal hedabideak ez dira komunikazio-enpresa hutsak. Herri honen azpiegitura sozial, kultural eta linguistikoaren parte dira. Euskararen biziberritzean, kultur transmisioan, kohesio sozialean eta informazioaren demokratizazioan egiten duten ekarpena estrategikoa da.

Egoera honek hausnarketa partekatua eskatzen du. Hedabideok berritzen eta eraldatzen jarraitu behar dugu, baina gizarteak eta erakunde publikoek ere hausnartu behar dute zer leku eman nahi dioten euskarazko komunikazioari etorkizunean. Euskararen etorkizuna eta euskarazko komunikazio-sistema sendo baten existentzia lotuta daude.

Gasteizko egoitzaren itxierak galdera bat uzten du mahai gainean: zenbateko garrantzia ematen diogu euskaraz informatzeko eta gure errealitatea euskaratik kontatzeko dugun gaitasunari? Galdera horri emango diogun erantzunak baldintzatuko du neurri handi batean etorkizuneko euskal hedabideen eta euskararen beraren osasuna.

Hamaika Telebistak lanean jarraituko du euskarazko komunikazioaren alde, gertuko informazioaren alde eta herri honen ikuspegitik eraikitako komunikazio-esparru baten alde.

Euskal hedabideak ez dira gastu bat; herri gisa egiten dugun inbertsio estrategiko bat dira.

 

Deskargatu prentsa oharra

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista