Hamaika Telebistak azpidatziak martxan jarri ditu adimen artifiziala baliatuz

Prentsa oharrak
2024ko azaroaren 7a, Donostian
Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaika-k egoitza duen Donostiako PIA eraikinean. Bertan parte hartu dute Hamaikatik Maddi Mochales eta Iñaki Uriak; Orai NLP-tik, Igor Leturia eta Iñigo Morcillo garatzaileak eta Josu Aztiria zuzendariak.
Proiektu berri honek helburu bikoitza du bere baitan: audio bidez albistea jarraitu ezin duenari atea zabaltzea, eta euskara ikasten ari denari albistea jarraitzeko eta euskaraz trebatzeko tresna berria eskura jartzea.
Lehen urrats batean, Hamaika-ko albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko hainbat saioetan. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.
Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko languneak garatu du transkribapen eta azpidatzi automatikoak egiteko soluzio teknologiko adimendua, hizketa-ezagutza automatiko bidezkoa. Inplementazioa, berriz, KAM telekomunikazio enpresak egin du.
Etorkizunera begira, hainbat erronka ditu Hamaikak Orai NPL-rekin lankidetzan garatzeko. Hamaika Telebistaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta adimen artifizialeko beste hainbat teknologia aplikatzeko, bi erakundeek bide-orri teknologiko bat garatu dute, elkarlanean jarraitzeko asmotan. Hainbat aukera jarri nahi dituzte martxan, hala nola elkarrizketak azpitituluetara ekartzea, euskalkietan egiten diren hitzartzeak azpitituluetara ekartzea, azpitituluak beste hizkuntza batzuetara itzultzea, audioa beste hizkuntza batzuetan ere sortzea, beste hizkuntza batzuetakoa euskarara automatikoki bikoiztea, testuetatik hitz-gakoak erauztea edota laburpen automatikoak egitea.






















