Mundua

All Stories

Camilo Guevara, Che Guevararen semea, 60 urterekin hil da

Camilo Guevara March, Che Guevararen semeetako bat, astelehen honetan hil da, 60 urte zituela, infartu baten eraginez. Miguel Díaz-Canel Kubako presidenteak eman du heriotzaren berri Twitterren.

«Saminez agurtzen dugu Camilo, Cheren semea eta haren ideien bultzatzailea, aitaren ezohiko ondarearen parte bat zaintzen duen Che Zentroaren zuzendari gisa. Besarkadak Aleida amarentzat, alargun eta seme-alabentzat eta Guevara-March familia osoarentzat», idatzi du Kubako presidenteak.

Camilo Che Zentroaren zuzendaria zen, aitaren lana eta pentsamendua mantentzea helburu duen erakundea.

Mikhail Gorbatxov zendu da, Sobietar Batasuneko azken buruzagia eta Perestroikaren sustatzailea

Mikhail Sergeievitx Gorbatxov zendu da, Sobietar Batasuneko azken buruzagia eta Perestroikaren sustatzailea. 91 urterekin zendu da, gaixotasun luze baten ondorioz.

SESBen eta Gerra Hotzaren amaiera eragin zuten eraldaketen sustatzaile nagusia izan zen. 1985etik 1991ra izan zen Alderdi Komunistako idazkari nagusia, eta 1989tik aurrera SESBeko estatuburua.
Gorbatxovek 1985ean hartu zuen boterea, eta hasieratik aldarrikatu zuen sistema aldatzeko beharra. Hark bultzatutako perestroika edo berregituraketa eta glasnost edo irekiera eta gardentasun politikarekin hasi ziren aldaketa politiko eta ekonomiko nagusiak. 1987an jarri zuen martxan erreforma saila, SESB salbatuko zuelakoan. 1990ean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

1991ko abuztuan CCCP SESBeko Alderdi Komunistaren sektorerik gogorrenak estatu kolpea eman zuen Gorbatxoven aldaketak geldiarazteko. Kolpeak porrot egin zuen, eta Gorbatxovek sinesgarritasuna galdu.

Urte hartako abenduaren 8an, SESBeko hiru errepublika nagusietako ordezkariek —Jeltsinek, Ukrainako presidente Leonid Kravtxuvek eta Bielorrusiako Parlamentuko presidente Stanislav Xuxkevitxek— batasunaren desegitea sinatu zuten Bielorrusiako Belavezhskaia Pustxa basoan.

1991ko abenduaren 25ean, Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasuneko lehen eta azken presidente kargua utzi zuen.

Moskuko Novodevichy hilerrian hobiratuko dute, Errusiako beste hainbat pertsonaia historikorekin eta Raisa bere emaztearekin batera.

Pablo Gonzalezek sei hilabete bete ditu behin-behineko espetxealdian eta inkomunikatuta

Otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez Polonian, Ukrainako mugatik hurbil. Behin-behineko kartzelaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du Poloniako Przemsyl eskualdeko auzitegiak, bigarrenez.

Sei hilabete eman ditu inkomunikatuta, gertukoekin eta bere konfiantzazko abokatuarekin hitz egin ezinik. Euskal kazetariari Errusiako Inteligentzia Militarrerako jarduerak egitea leporatzen diote. Gauzak horrela, hamar urtera arteko espetxe-zigorrari aurre egin diezaioke.

Bartosz Rogala Gonzalezen abokatu poloniarrak aurreratu zuen Apelazio Auzitegian helegitea aurkeztuko duela luzapenaren erabakiaren aurka.

Oihana Goirienea Pabloren emazteak Espainiako Agintarien aldetik babesa eskatu du, “susmoa eta ikara daukagu, frogarik izan ez eta Pabloren borondatea makurraraztea, nahi dutena sinatzeko”.

Arlesko bi zaindariri diziplina espediente bana ireki diete Colonnaren heriotzagatik

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak iragarri du diziplina espediente bana ireki dietela Arlesko espetxeko bi zaindariri, Yvan Colonna Korsikako militante independentistaren heriotzagatik. Zaintza lanetan hutsak egiteagatik ireki dituizte espedienteak, eta bideozaintza behar bezala ez kudeatzeagatik.

Tunisiako Errepublikaren 65. urteurrenean konstituzioari buruzko erreferenduma bozkatzeko eguna dute

Egun garrantzistua da gaurkoa Tunisian: batetik, 65 urte beteko ditu errepublikak; bestetik, urte bat beteko da Kais Said presidenteak parlamentua desegin, eta salbuespen egoera ezarri zuela; eta, laster, herrialdeak konstituzio berria onartu zuen eguna ere bilakatu liteke.
Bada kezka nagusi bat aldeko zein kontrakoen artean zabaldua dena: testua onartzeak Saiden agintaldia gutxienez 2034ra arte luzatzea ekar dezakeela. Halere, herritarren artean ez da bozketarekiko interes berezirik nabari.

Ukrainako zerealen blokeoa; goseteak, migrazioak eta krisi politiko-soziala Europan

Ukrainako portuetan 20 milioi tona zereal eta ekilore-hazi daude merkaturatu ezinik, Itsaso Beltzean blokeatuta. Elikagai krisiak eta goseteak mehatxu dira, batez ere, Afrikan. Goseteen, ezegonkortasunaren eta elikagai eskasiaren testuinguruak pertsona gehiago bultzatuko ditu migratzera. Ukrainako gerraren eta Errusiari ezarritako zigorren ondorio zuzenena Europan inflazioa izaten ari da. Ziurgabetasuna eta tentsio handia; ekaitz perfektua indar populisten eta ultraeskuindarren gorakadarako.

Europako Batasunaren % 42 lehorte arriskuan dago

Marokotik hasi eta Greziaraino, azken egunetako bero boladak suteak zabaldu ditu Mediterraneo inguruan. Termometroek goia jo dute zenbat tokitan, 40 gradu baino gehiagotara helduz. Milaka suhiltzaile ari dira lanean sua kontrolpean hartzeko.

Europako Batasunean bertan, lurraldearen %42 lehorte arriskuan dago, Europako Batzordeak kaleratu duen txosten baten arabera. Eremuaren %46 abisu egoeran dago, eta %11 alerta egoeran.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image