Skip to main content

Kataluniako preso politikoak askatzea edo indultuak ematea eskatu du Europako Kontseiluak

Mundua

Urte eta erdiko lanaren ondoren, Europako Kontseiluak argitaratu du Kataluniako politikari independentisten aurka espainiar justiziari buruz egin duen txostenaren zirriborroa.

Bertan adierazten du iritzien adierazpenek ez dutela ondorio penalik ekarri behar; eta horregatik eskatu die Espainiako agintariei presoak indultatzeko edo askatzeko eta erbesteratuen kontrako euroaginduak kentzeko. Halaber, urriaren 1ean auzipetutako gainerako kargudunen aurkako akusazioak bertan behera uzteko eta elkartasun ekintza sinbolikoak zigortzeari uzteko eskatu du Kontseiluak. Ez hori bakarrik, sedizio eta matxinada delituak erreformatzea eskatzen du txostenak, "indarkeriarik gabeko ekintzengatik neurriz kanpoko zigorrak saihesteko". Amaitzeko, Kataluniako indar politiko guztiekin "elkarrizketa irekia eta eraikitzailea" hasteko eskatu dio Madrili.

Txostena, hala ere, ez da loteslea eta ekainaren 21ean eztabaidatuko da bere edukia.