Brexiterako akordioan Ipar Irlandari dagozkion gaietan aldaketak eskatu dizkio Londresek Europar Batasunari

Brexiterako akordioan Ipar Irlandari dagozkion gaietan aldaketak eskatu dizkio Londresek Europar Batasunari. Bruselak bereala erantzun du esanaz Ipar Irlandarako protokoloa Batasuneko estatu guztiek eta Erresuma Batuko egungo gobernuak adostu zutela, eta ez dutela inolako aldaketarik negoziatuko.

David Frost, gobernu britiniarraren Brexiterako negoziatzaile buruak adierazi du oraingoz bi aldeek "geldialdi" bat adostu beharko luketela, protokoloak planteatzen dituen auziak nola konpondu negoziatzeko. Bitarte horretan, gainera, Britainia Handia eta Irlanda artean merkantziei ezarri beharko litzaizkieken aduana-kontrolak ez aplikatzen jarraitzea proposatu du.

Egoerak Ipar Irlandari kalte egiten diola salatu du, eta beraz oreka berri bat bilatu behar dutela orain Erresuma Batuak eta Europar Batasunak. Bruselak ez du ordea dagoeneko adostutakoa berriz negoziatzen hasteko inolako asmorik. Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak adierazi du prest daudela sor daitezkeen egoerei aurre egiteko konponbideak bilatzeko, baina ez dutela protokoloa berriz negoziatuko.

Azpimarratu du Londresek orain birnegoziatu nahi duen protokoloa negoziaketa prozesu luze baten ondoren alde guztiek onartu zutela, eta protokoloaren helburuetako bat Ipar Irlandako bake akordioa errespetatzea dela.

Zerikusia duten artikuluak