Skip to main content

Asier Blas: "Mundua duela 20 urte baino okerragoa da orain, eta horren ardura AEBrena da"

Mundua

Bi hamarkada igaro dira mundua astindu zuten atentatuak jazo zirenetik New Yorken; 2001eko irailaren 11k milaka hildako eta zauritu utzi zituen eta AEBtako kanpo politika baldintzatuko zuen: terrorismoaren aurkako gerra hasi zen. Hogei urte igarota, Afganistan Talibanen kontrolpean dago berriro ere. Hain zuzen, irailaren 11ko data hautatu dute Gobernu berriaren aurkezpena egiteko.

Asier Blas politologoa da eta EHUko irakaslea da. Bere esanetan, 20 urteren ostean, AEBek eta NATOk gerra galdu egin dute; azpimarratu du mundua orain baino 20 urte baino "okerrago" dagoela, eta hain zuzen, AEB jo du horren arduraduntzat. Blasek azpimarratu du AEB nazioarteko legedia urratzen aritu dela une oro, eta "indartsuenaren logika" nagusitzen saiatu dela. Hala ere, azpimarratu du ez zaiola ondo atera: "Gerra iraunkorrean egon da, eskubide zibiletan muga handiak ezarri ditu, eta nazioarteari begira, gerra iraunkor horrek milaka eta milaka hildako, errefuxiatuak, eta herrialdeen suntsiketa ekarri du".

Era berean, adierazi du "hegemonia trantsizioan" dagoela mundua, Txina delako orain EBren lehen bazkide komertziala. Bestalde, etorkizunera begira, bi hipotesi daudela adierazi du; batzuek diotenez, kaosak jarraituko du Afganistanen, eta gerra zibila piztuko da bertan. Bestetik, batzuk uste dute nazioarteko komunitatean txertatu ahal izateko pausoak emango dituztela talibanek: "Geopolitikoki, oso herrialde interesgarria da Afganistan, litioa dagoelako bertan; hor Txina izan daiteke protagonistetako bat, egiten ari den Zeta Bidean Afganistanek paper inportantea joka dezakeelako, eta politika ekonomiko eta komertzialak garatzeko bide berriak irekiko dizkiolako".