Skip to main content

Zinegin festibalaren 11. edizioa urriaren 20tik 23ra ospatuko da

Kultura

Zinegin Festibala hamaikagarren edizioa ospatuko du urriaren 20tik 23ra bitartean. 2012an, Eihartzea Kultur Etxeak, Ttattola gaztetxeak eta Haritz Barne zinema-gelak Zinegin festibala elkarlanean sortu zuten, euskarazko filmen proiektatzeko eta Hazparnen euskal kulturak bizitzeko behar duen hatsgune bat proposatzeko asmoz.

Mota anitzeko filmak izango dira hiru egunotan zehar: fikzioak, dokumentalak eta film esperimentalak, besteak beste. 4 eta 7 urte bitarteko umeei ‘Yoko eta lagunak’ eta ‘Aita, zonbia naiz’ filmak eskainiko dizkiote. Dokumentalen artean, ' Amikuzeko ikastolak 50 urte', 'Bi arnas' eta 'Altsasu' egongo dira.

Aurten, kontzertuak ere egongo dira. Urriaren 21ean, Ezkia Ikastolarekin partaidetzan, Amikuzeko ikastolaren dokumentalaren proiekzioaren ondotik, txalaparta eta musika elektronikoa uztartzen dituen Mäirü talde ziburutarrak kontzertua eskainiko du.

Gainera, Peru Galbetek haurtzaroko diapositiba zaharrak zine-kontzertu intimista baten bidez berpiztu ditu, eta igande gauean egingo du erakustaldia.

Film bakoitza ikusteko sarrera 3 eurotan izango da.