Skip to main content

Udalbiltzak martxan jarri du Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren aldia

Kultura

Euskaraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu duen egitasmo honek bigarren edizioa izango du, 2023. eta 2024. urteetan zehar luzatuko dena. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jartzea izango da aurten ere egitasmoaren oinarri nagusia, baina komiki proiektuak ere bultzatuko dituzte aurten.

Lehen urtea egonaldien eta sormenaren urtea izango da; bigarrenean, aldiz, kultur zirkuitua osatuko da ekimenean parte hartu duten udalerrietan zehar, lanak hedatzeko. Hau da, lehen zatian sortzaileek hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute euren bizilekua ez den herri batean, eta ondoren, lana hedatzeko zirkuitua eskainiko zaie.

Zinegintzan, antzerkigintzan, literaturan eta komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako beka deialdia zabaldu du Udalbiltzak, eta Buletin Ofizialetan argitaratzen den unetik hilabetez egongo da zabalik.

Literaturaren alorreko lanak bilduma batean argitaratuko dituzte gero eta berdin egingo dute komikiaren adarrean onduko diren lanekin ere. Antzerki lan bakoitzak, bestalde, bere zirkuitu propioa izango du, eta, film laburren kasuan, modu autonomoan erakutsiko dute bakoitza.