Skip to main content

Netflixek Lucio Urtubia anarkista nafarraren bizitzari buruzko film luzea estreinatuko du hilaren 30ean

Kultura

Lucio Urtubia Jimenez (Cascante, Nafarroa, 1931-2020) igeltsero, banku-lapur eta militante anarkista zen. Bankuei lapurtu eta dirua ezkerreko mugimendu iraultzaileei emateagatik, Robin Hooden antzeko pertsonaia adeitsu eta borrokalaria kontsideratzen da. Hainbat liburu, komiki eta dokumentalak ekoitzi dira Urtubiaren bizitzaz. 2007. urtean Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak “Lucio” dokumentala zuzendu zuten.

Fikziozko film bat izango da Netflix plataformak hilaren 30ean estreinatuko duena: “Un hombre en acción”. Pelikulak Urtubiaren bizitzako bost hamarkada jasotzen ditu: 1940ko hamarkadan haurra eta nerabea zenetik 1980ko hamarkadaraino. Gazterik joan zen Urtubia Nafarroatik Parisera, Francisco Francoren diktadurako urteetan, eta hiri horretan bizi izan zen zahartzarora arte. Horregatik, Parisen daude girotuta filmeko sekuentzia gehienak.

Filmeko zuzendaria Javier Ruiz Caldera da, eta Urtubiaren rola, Juan Jose Ballesta aktoreak beteko du. Hiru ekoiztetxe daude proiektuaren atzean: Ikiru Films, La Pulga y el Elefante eta La Terraza Films.