Skip to main content

Mikele Landak ‘Noizko Basoa’ filma aurkeztu du Zinemaldian

Kultura

Nazioarteko 13 lanek osatu dute NEST Zinema Ikasleen Film Laburren Topaketaren 21. edizioko sorta, eta aurten, aurrenekoz, euskarazko bi film labur izan dira lehian. Mikele Landa Egiguren sortzaile bizkaitarraren Noizko basoa da horietako bat, Elias Querejeta Zinema Eskolako ikasle izan bitartean gauzatutakoa.
Mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburrak saritzen ditu sariketak, zehazki, eta 160 eskolak aurkeztutako 350 filmen arteko hamahiru bereizi ditu hautaketa batzordeak aurten.
Ez-fikziozko film bat da Mikele Landaren Noizko basoa, filmaren sinopsiak iradokitzen duenez, saiakeratik gertu dabil lehiaketara aurkeztu duen lana. “Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?”.
Tabakalerako Medialabeko estudioan ikusgai egongo dira orain arte saritutako film laburrak.