Skip to main content

Koldo Otamendi, Musika Zuzenean: “Ska-rocketik haragoko doinuak lantzen ditu Xutik taldeak”

Kultura

Xutik taldearen Kantu berrien azalean diskoa ezagutuko dugu gaurko Musika Zuzenean saioan, eta taldearen nondik norakoen berri izan dugu Koldo Otamendi saioko aurkezlearekin.
15 urte bete ditu Lapurdiko taldeak, eta urte hauetan guztietan iraupen luzeko lau disko kaleratu dituzte. Ska-rock doinuak landu ditu taldeak, baina Otamendik azpimarratu du hori baino “askoz ere gehiago” dela talde lapurtarra: “Ska-rock doinuak uztartu dituzte bestelako doinu eta instrumentu herrikoiekin: dultzaina, txalaparta…”
12 kantu bildu dituzte disko berrian, eta kolaborazioak ere izan dituzte: Niko Etxart, Anje Duhalde edota Odei Barroso, besteak beste. 2022ko udan kaleratu zuten diskoa, eta geroztik 20 kontzertu inguru eskaini dituzte. Zuzenekoak eskaintzen jarraituko dute datozen hilabeteetan, eta 2023ko martxoan eskainiko dute 200. kontzertua.