Skip to main content

Irati Agirrezkuenaga, kultur aditua: “Maria Goirizelaiak Arte Eszenikoen Max sarietarako lau izendapen lortu ditu”

Kultura

Arte Eszenikoen Max sarietarako izendatu dituzten Euskal Herriko sei artistaz eta konpainiaz hitz egin dugu Irati Agirreazkuenagarekin. Maria Goirizelaiak lau izendapen lortu ditu bi ikuskizun desberdinengatik: Altsasu obrarengatik eta Yerma antzerki obrarengatik. Hain zuzen, ikuskizun onenaren saria irabaz dezake Altsasu obrarengatik. Ane Pikazak Yerma antzezlanean duen rol protagonistarengatik jaso du izendapena, eta Marta Egiliorrek egile berri onena lortzeko izendapena lortu du Borderland opera obragatik.
Asteburu honetan Gasteizen ospatuko den Bertakofest jaialdia ere izan du hizpide kultur adituak. Martxoaren 11n eta 12an hainbat obra taularatuko dituzte Baratza aretoan, eta gaurkotasuneko gaiak landuko dituzte, umorea, dantza eta clown-a ardatz hartuta.
Gaur hasiko da Loraldia jaialdia Bilbon, eta egitarauaren barruan, Gabriel Arestiren omenezko egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako. Goizean, ibilaldi gidatua egingo dute Arestirentzat erreferenteak izan ziren lekuak zeharkatuz. Bazkaria ere egingo dute, eta bertan hainbat kantari, antzerkigile eta bertsolariek hartuko dute parte. Miren Amurizak eta Ines Osinagak Arestiren hitzekin osatutako kantak abestuko dituzte. Amaitzeko, Arestiren iruditegian garrantzia handia izan zuen Otxarkoaga auzoan 15 minutuko arte bisualeko ekoizpen txiki bat ikusi ahal izango da.