Skip to main content

Irati Agirreazkuenaga, kultur aditua: “Gizartearen eta poesiaren arteko lotura sortzea da ‘Poetak maiatzean’ jaialdiaren helburua”

Kultura

Datozen hilabeteetako kultur proposamenak ekarri dizkigu Irati Agirreazkuenaga kultur adituak. ‘Poetak maiatzean’ jaialdiaren 11. edizioa ospatuko da maiatzaren 2tik 28ra, eta bere helburua poesia hedatzea eta gizartearen eta poesiaren arteko loturak sortzea da. Ukitu Arte elkarteak antolatu du, eta poesia errezitaldiak, musika, poesia lehiaketa, dantza, erakusketak eta denetariko ekitaldiak izango dira, adin guztietara bideratuak eta kalean bertan.
Hirugarren urtez, Señora bertso sariketa antolatu dute zenbait bertsolari eta bertsozale feministak. Maiatzaren 6an hasiko da Bilbon, eta, haren ondotik, Erratzun (Nafarroa) jokatuko da bigarren eta azken kanporaketa, hilaren 13an. Finala Oñatiko (Gipuzkoa) Verduri Hall gaztelekuan izango da, maiatzaren 27an.
Maiatzaren 5tik 7ra izango da, bestalde, aurtengo Literaturia jaialdia Zarautzen. Jon Benito idazlearen manifestuarekin hasiko dute, eta ondoren, Azken Oturuntza emanaldia eskainiko dute Leire Vargas, Oihana Arana, Aner Eukitze eta Haizea Aranak. Asteburu osoan, liburu aurkezpen, mahainguru eta hainbat ikuskizunez gozatu ahal izango da bertan.