Skip to main content

Donostia Saria jaso du Juliette Binoche aktoreak Kursaalean

Kultura

Donostia Saria jaso du Juliette Binoche (Paris, 1964) aktore frantziarrak, Kursaalean. Isabel Coixeten eskuetatik jaso du saria, Eneko Sagardoik aurkezturiko ekitaldian.

Claire Denis zinemagilearekin egindako hirugarren lana aurkeztu du: 'Avec l 'amour et acharnement'. Claire Denisek Zuzendari Onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen Berlingo joan den zinemaldian. Bide batez, Binoche Zinemaldian lehiatzen den beste film batean ere agertzen da, 'Le Lycéen'.

Aktoreak beste “bidelagun” bat ere gogoratu nahi izan du, isiltasuna. “Nire bidelagun fidelari nahi dizkiot eman eskerrak: isiltasunari”. “Isiltasunik gabe, ez dago hitzik, ez dago izpiriturik, eta isiltasun hori konpartitu dezakezunean aktore batekin, zuzendari batekin, urrezko hari batek dena josten du, eta pelikula bat sortzen”, azaldu du, hunkituta.

Azken hiru hamarkadetako aktore frantziar ospetsuenetako bat bilakatu da. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zuen ibilbidea zinema munduan, eta ordutik, 70etik gora filmetan parte hartu du.