Skip to main content

Ane Eslava eta Uxue Rey: “Imajina ditzakegun gai guztiak trata daitezke ikuspegi feministatik”

Kultura

Gaur abiatu da Berria FM podcast feministaren ziklo berria, eta bi gidari berri ditu: Uxue Rey eta Ane Eslava. Reyk nabarmendu du podcastak balioko duela pausa txiki bat egiteko: “Gaurkotasunaren erritmo frenetiko horretan, albiste ugari sortzen ditugu eta asko oharkabean pasatzen dira. Uste dut hamabostean behin eseri, eta gertatutakoa ikuspegi feministatik patxadaz aztertzeko aukera izanen dugula”. Hala ere, Reyk nabarmendu du ez dituztela soilik martxoaren 8aren bueltakoak edo “titularrean emakume hitza” duten albisteak landuko. Izan ere, azaldu du imajina daitezkeen gai guztiak trata daitezkeela ikuspegi feministatik, eta hori izango dutela helburu.
Horretarako, Eslavak nabarmendu du askotariko eduki eta ahotsak landuko dituztela, eta formatu ezberdinak erabiliz egingo dutela hori. Saioa “dinamikoa” izango dela azpimarratu dute: “Erritmo arina izango du, baina arinkerietan erori gabe, beti zorrotz”, dio Reyk.
Hamabostean behin kaleratuko dute podcasta, eta Berriaren webguneaz gain, bestelako audio plataformetan ere entzun ahal izango da.