Skip to main content

Ane Elordi, Korrika: 'Ekimen handi hau kudeatzea erronka handia izango da'

Kultura

Asier Amondoren lekukoa jasota, Ane Elordi (Zornotza, 1991) izango da Korrikaren koordinatzaile nagusia. Hala erabaki zuen AEK-k azken Batzar Nagusian. 2013tik karguan egon da Asier Amondo, AEKn jarraituko du, “beste eginkizun batzuetan”, AEK-k berak jakinarazi duenez.

Elordi kazetaritza lizentziaduna da, eta 2015etik dabil AEKn. Erakunde barruan irakasle aritu da, baita barnetegietan, berbalagun egitasmoan, komunikazioan eta beste lan batzuetan ere, baita Korrikan bertan ere. Esaterako, Korrikaren azken aldian komunikazio lantaldeko kide izan zen, eta furgoneta gidaria aurrekoan.

Koordinatzaile berriak euskararen aldeko lasterketaren erronkak zeintzuk diren argi ditu: “Ekimenaren eragina, poztasun hori, euskararen aldeko jarrera hori, ez daitezela 10 eguneko kontu hutsean geratu. Hau da, alde egotetik egitera pasatzea”. Korrikara “haize freskoa, gaztetasuna eta beste ikuspuntu bat” eramaten ahaleginduko dela ere nabarmendu du.

2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute 23.Korrika.