Image

Kultura

All Stories

Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz: “Euskarak pantailetan duen presentzia biderkatuko duen herri estrategia bat behar dugu”

Pantailak Euskaraz egitasmoak abesti eta bideoklipa aurkeztuko ditu datorren larunbatean, beren aldarrikapenak ahalik eta gehien zabaltzeko. Oihana Bartra bertsolariak idatzi du kantua, eta Josu Bergarak jarri dio musika. Horrez gain, hainbat abeslari eta aktore ezagunek kolaboratu dute abestian.
Aginagalden hitzetan, abestiaren mezua da Euskal Herria euskaraz bizi den herria izango bada, beharrezkoa dela pantailak ere euskaraz izatea: “Euskarak aurrera egingo badu, eta euskararen normalkuntzan benetako pausoak emango baditugu, beharrezkoa da euskarak pantailetan duen presentzia biderkatuko duen herri estrategia bat izatea”.

Mendi Tour ekimenaren 11. edizioak Mendi Film jaialdiko film onenak bilduko ditu

Martxoaren 20tik 24ra bitartean, 2023ko Mendi Tour fundazioa izango da. Mendizaletasunarekin lotura duten 13 film proiektatuko dira. Abentura filmak eta dokumentalak eskainiko dituzte. Besteak beste; 'Adrenaline Sucks', 'Into The Ice', ‘Doo Sar' eta ‘Agur Artzai’ proiektatuko dira. Filmak 19:30ean hasiko dira eta sarrerak 5€-ko kostua izango dute. Vital Fundazioaren webgunetik edo Gasteizko egoitzan Kordoi Etxean, Cuchillería 24 kalean erosi daitezke. 11. edizioa Santikurutze Kanpezun ospatuko da apirilaren 22an eta Laudion maiatzaren 19an.

Euskararen alde 12.742 kilometro egingo dira Laudion martxoaren 26an

'12.742 km baietz!' lelopean, Laudio ikastolak egun osoko egitaraua prestatu du. Ekimenak 2021ean Araba Euskaraz jaiaren testuinguruan eginiko ‘10.000km baietz’ ekimenari jarraipena ematea du xede. Parte hartzaileek nahi beste itzuli eman beharko dituzte Zumalakarregi etorbidean barrena, erronka modu kolektiboan osatzeko. Guztira 12.742 kilometroko langara iristea dute helburu antolatzaileek.

Urko Aiartza, Olaso Dorrea fundazioko zuzendaria: “Amurizari urte hauetan egindako lana eskertu nahi diogu”

III. Monzon-Ganuza saria emango diote bihar Xabier Amurizari Bergarako Seminarixoan. Urko Aiartza Olaso Dorrea fundazioko zuzendariaren esanetan, “bizitza osoko” ekarpena “eskertzeko eguna” izatea espero dute: “Amuriza eskertu nahi dugu egindako lan oparo guztiarengatik, eta nahi dugu berak ere egun ona izan dezan gurekin, eta bere senide eta lagunekin”.
Aiartzak nabarmendu du Amurizak “argi eta garbi” irudikatzen duela Monzon Ganuzak ordezkatu nahi zuena: “Herri honekiko atxikimendua, kulturarekiko eta hizkuntzarekiko konpromisoa eta herri honek bizi zian duen zapalkuntzaren aurkakoa”. Aiartzaren iritziz, Amurizak ere ekarpen “oparoa” egin du bertsogintza modernoan: “Gaur egungo bertsogintza ezin da ulertu Xabier Amurizak eta beste batzuk 80. hamarkadan egindako lanarengatik izango ez balitz”.

‘Bi Arnas’ torturari buruzko dokumentala estreinatuko da astearte honetan TV3n

Zinemaldian estreinatu eta 60 areto, jaialdi eta kultur gune baino gehiagotan proiektatu ondoren, telebistara iritsiko da ‘Bi Arnas’ dokumentala. Iratxe Sorzabal presoak jasandako torturak ditu abiapuntu lanak, baina, horrez gain, haren amak dituen zauriak eta beste preso batzuek pairatutako torturak ageri dira. Nekane Txapartegi, Paco Etxeberria eta Serge Portelli ere ageri dira.


Sense ficció programan, emakumeak ardatz dituzten dokumentalak emango ditu Kataluniako kateak martxoan, eta hor botako dute Bi arnas. Dokumentala Borda Gorri Produkzioak-ek egin du, Muara Elkartearen laguntzarekin eta Jon Mikel Fernández Elorzen gidoi eta zuzendaritzarekin. Dokumentalean, salatu nahi dute torturak eragindako zauria “itxi gabe” dagoela.

Gasteizko Antzokien Udal Sarearen udaberriko denboraldia aurkeztu dute

‘Helduentzako Antzokiak’ bost aukera biltzen ditu hurrengo datetan: apirilaren 21ean, Andrés Limak zuzendutako ‘Paraíso Perdido’, maiatzaren 12an, ‘Ojos que no ven’, Cecilia Solaguren eta Jorge Roelas protagonista dituen komedia beltza, maiatzaren 20an, aldiz, Juan Mayorga dramaturgoaren ‘Amistad’, maiatzaren 25ean, Igor Yebraren eta Eusebio Poncelaren ‘El beso de la mujer araña’ iritsiko da eta bukatzeko Carmelo Gómezen eta Miguel Hermosoren ‘La guerra de nuestros antepasados’ ekainaren 1ean. Gainera, umorea, dantza, musika eta magiarekin zerikusia duten antzezpenak ere emango dira hiriko gizarte-etxeetan.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image