Image

Kultura

All Stories

Irati Agirreazkuenaga, kultur aditua: “Agurra antzezlana euskaraz ikusi ahal izango da

Irati Agirreazkuenaga kultur adituarekin hitz egin dugu datozen hilabeteetako kultur agendari buruz.

Martxoaren 27an Antzerkiaren Mundu Eguna izango da eta oroimenaren galerari buruzko bi lan ikusi ahal izango dira Bilboko BBK aretoan; alde batetik, martxoaren 24an Agurra antzezlana eskainiko du Gipuzkoako Bidania konpainiak. Agurtzane Intxaurragak zuzendu du obra, eta Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi dira aktoreak. Jatorrizko lana Herbereetan sortu bazen ere, euskaraz ikusi ahal izango da lehen aldiz Euskal Herrian. Bi gizon bakartiren arteko topaketa kontatzen du, zahartzaroko gaixotasun bat diagnostikatu dioten gizon baten eta bere semearen artekoa. Apirilaren 1ean, berriz, Titzina konpainia kataluniarrak Búho antzezlana eskainiko du; amnesia pairatzen duten pertsonei buruzko bizipenak kontatzen ditu obrak.

Loraldia jaialdia azken astean murgildu da, eta larunbatean gazteen sormenari eskainiko dio lekua. Hain zuzen, bertsolaritza, antzerkia, musika eta dantza emanaldiak ikusi ahal izango dira La Terminal espazioan: Habia taldearen kontzertua, Formon laborategiaren Album antzezlana, Silitia taldearen kontzertua eta Ez da inor galdu patinetan dantza garaikide ikuskizuna.

Julen Hernandez, Zeid Fest: “Sekulako kartela osatu dugu Zeid Fest jaialdirako”

Apirilaren 1ean ospatuko da Zeid Fest jaialdi erraldoia Barakaldoko BECen, eta Julen Hernandezek nabarmendu digu sekulako kartela osatu dutela: “Musika eta aktuazio bereziak izango dira eszenatoki gainean eta publiko artean, eta espero duguna da jende ugari gerturatzea, eta gurekin festa egitea”.

Jaizkibel Konpainiak emango dio hasiera festari: “Zeid Fest jaialdia bertako ateetatik harago doan zerbait da, eta nahi genuen ohorezko norbaitek ateak ireki zitzan”. Albina Stardustek eta beste hainbat trabestiek hiru show ezberdin eskainiko dituzte publiko artean, eta Stardust izango da ikuskizunen zuzendari artistikoa: “Trabestiak bere bidea egiten ari dira Euskal Herrian, eta Zeid Fest jaialdian lekua eman nahi genuen horiei guztiei”.

Hemendik At taldea omenduko dute jaialdian; Hernandezek nabarmendu du sekulako ondarea utzi dutela Euskal Herrian, eta ondare horrekin dantza eta festa egin nahi dutela: “Beraiek ez dira izango bertan, baina izugarrizko showa prestatzen ari gara, eta oso ondo pasako dugu taldearen musikarekin”.

San Josetako XXXIII. Trikiti Jaialdia, larunbatean egingo dute Azpeitian

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatzen dute jaialdia. Martxoaren 18an, 17:30etatik aurrera panderoa eta trikitixa izango dira protagonista. Halere, antolatzaileek nabarmendu dute beste zenbait instrumentu ere entzun ahal izango direla.

Egitarauaren berri emateko Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek agerraldia egin dute ostegun goizean. Izen ezagunak eta ez horren ezagunak uztartzen saiatu direla aipatu du EHTEren antolakuntzako kideak. Azpeitiko Kultura batzordeburuak, berriz, azpimarratu du trikitia Azpeitiaren eta Euskal Herrian “iraganaren eta orainaren” parte garrantzitsua dela.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image