Hondarribiak eta Oriok irabazi dituzte Kontxako banderak

Gizonezkoen saioan Hondarribiak etxera eraman du Kontxako bandera. Bi egunetako denborak kontuan hartuta, guztira, 6 segundo atera dizkio Oriori. Beraz, iaz bezala, Kontxako bandera Bidasoa aldera doa. Aipatu behar da, Oriok ez duela amore eman estropada osoan eta lehia bizian ibili dira bi traineruak azkenengo metroetara heldu arte. Aparteko estropada izan da, baina, pasa den astean lortutako 5 segundoko abantaila luzea izan da. Hondarribia txapeldun, Orio bigarren, Santurtzi hirugarren eta bere txanda irabazi duen Donostiarra laugarren izan dira sailkapen finalean. Emakumezkoen banderan, berriz, Orio argi eta garbi gailendu da. 28 segundo atera dizkio GU arraun taldeari bi aste hauetan eta aurten egiten ari diren sekulako denboraldiari banderarik bereziena gehitu diote. Orioren atzetik, GU arraun, Hondarribia eta Hibaika Ancin kokatu dira.