Kai Saez de Egilaz: "Estatu sakoneko hainbat indarrek presoen aldeko dinamikak zapuztu nahi dituzte"

Karlos Saez de Egilaz eta Pipe San Epifano preso ohien atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herritan; horietako bat Beasainen izan da, Saez de Egilazen bizilekuan. Bertan azaldu du goizeko 8:30ak aldera atxilotu dutela harategitik ateratzerakoan. Bentaundin (Tolosa) miaketa egin ondoren, Intxaurrondora eraman dute, lehenengo anbulategira, eta handik, kuartelera. "Ongi etorriak" antolatzeagatik atxilotu dutela esan die Guardia Zibilek, baina "aitzakiatzat" jo du hori: "Notifikazio bat bidal zezaketen deklaratzera joateko; bazekiten ez nuela deklaratuko". 

Era berean, salatu du presoen arloan lan egiten ari diren pertsonak "beldurtzea" izan dela operazioaren helburua, eta salatu du "estatu sakoneko hainbat indarrek, epaitegiek zein guardia zibilek, Euskal Herriko presoen aldeko borroka eta dinamikak zapuztu nahi dituztela, pausoak ematen ari diren garai hauetan".

Sortuk atxiloketak salatzeko agerraldia egin zuen atzo, eta salatu zuen "jarduera politiko zilegi eta legalak kriminalizatu" nahi dituztela. Era berean, nabarmendu du testuinguru zehatz batean gertatu direla atxiloketa hauek, "Kataluniako buruzagi independentistak indultatu dituztenean, eta kartzela politikaren normalizazioan urratsak ematen ari direnean". EH Bilduk, bere aldetik, salatu du presoen eskubideen alde lanean ari direnak "kolpatu" nahi dituztela.