Josu Urrutikoetxea: "Gatazkaren ondorioak konpondu arte ez da gatazka bukatuko"

‘Etsaia artean hitz egin’ jardunaldiak hasi dira gaur frantziar Asanblada Nazionalean. Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen gaineko mahai inguruan izan da hizlari Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohia eta ETAren borroka armatuaren amaieran paper garrantzitsua izan zuena.

Brian Currin nazioarteko bitartekariak, Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak, Caroline Guibet Lafaye filosofo eta soziologoak eta Judyta Wasowska HD zentroko kideak ere parte hartu dute mahai inguruan, Frederique Espagnac senatariaren gidaritzapean.

Gatazkaren "dimentsio etikoa" izan du hizpide Urrutikoetxeak, hori izan baitzen negoziazioetan parte hartzera bultzatu zuena. ETAren armagabetzea eta disoluzioari buruz aritu da, negoziazioei errepasoa eginez. Azpimarratu duenez, "armak alboratzeak ez du esan nahi gatazkaren bat-bateko konponbidea" eta beharrezkotzat jodu "gatazken ondorioei erreparatzea". Ondorio horien artean "biktima guztien aitortza eta erreparazioa, preso eta iheslarien auzia ebaztea eta gertakariak ez errepikatzeko bermea" zerrendatu ditu. Euskal presoen dispertsioa ere izan du hizpide; horrela, azken hilabeteetan presoak Euskal Herriratzeko pausoak eman dituzten arren, oraindik "bidea egiteko" dagoela nabarmendu du.

Guibet soziologoak zehaztu du espainiar eta frantziar estatuek ikuspegi penala lehenesten ari direla eta etsaiaren ikuspegian tematuta daudela. Ausardia politikoa erakuts dezaten, eta gatazkari behin betiko konponbidea emate aldera, elkarrekin bakea eta demokrazia eraikitzera dei egin diete hizlariek espainiar eta frantziar gobernuei.