Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu ditu Parisko Dei Auzitegiak

Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu ditu Parisko Dei Auzitegiak. 

1990eko apirilean atxilotu zituzten biak, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. Hala, biziarteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten. Parotek 2005etik zuen baldintzapean aske gelditzeko aukera. Esnalek, berriz  2008tik. 

Albistearen berri izan bezain laster, Euskal Elkargoak Baionan duen egoitzan bildu da Ipar Euskal Herriko hautetsi eta jendarte zibileko ordezkariz osaturiko talde zabala. Egoera aztertu ondotik, arratsaldeko 17 .00etatik aitzina prentsaren aitzinean irakurketa bateratua eskaini dute.

“Hainbeste denbora itxarondako erabakiak iritsi dira”. Horrela hasi du Anaiz Funosasek Bakegileek eta Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek Baionan egin duten agerraldia.

Izan ere, sinatzaileen iritziz, Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu izana “inflexio puntu bat” da. Filipe Aramendi, Urruñako auzapezaren esanetan: “Erabaki honek bidea erraztu behar dio preso eta iheslarien auziaren eta gatazkaren ondorioen konponbide orokorrari”.  

Filipe Aramendik eta Jean Rene Etxegaraik irakurri dute adierazpen bateratua. Lehenik eta behin, erabakia txalotzeaz gain, goraipatu egin dute abokatuek eta gizarte zibilak urtez urte egindako lana.

Gaurko erabakiarekin, frogarako epe bat irekiko da ondoko asteetan. Fase hori bi urtekoa izanen da Jakes Esnalentzat eta urtebetekoa Ion Parotentzat. Bi presoak etxean preso egon beharko dira, zaintza elektronikoarekin. Foro Sozialen iritziz, Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu izana “positiboa” da eta gizarte zibilaren lana goraipatu dute.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image