Skip to main content

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du garraio publikoa 12 urtera arte doakoa izateko proposamena

Politika

Eusko Legebiltzarreko ostegun honetako osoko bilkuran, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUrekin batera, garraio publikoa 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat doakoa izatea proposatu du, maiatzean egin zuten moduan. Eusko Legebiltzarrak atzera bota du proposamena.

Horren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako osoko zuzenketa aurrera atera da. Bi alderdien arabera, Euskadiko Garraio Agintaritza da eztabaida leku egokiena garraio publikoko operadoreei deskontu sistema progresibo bat eskatzeko.

Legez besteko proposamen hori eztabaidatu aurretik, Elkarrekin Podemos-IUk idatzitako sexu eta erreprodukzio lege-proposamena izan dute hizpide Legebiltzarrean, baina ez da onartua izan. EH Bilduk adierazi du Euskadin egiten diren abortuen % 5 baino ez direla sare publikoaren bidez egiten, eta gogorarazi du emakumeek talde katolikoen jazarpena pairatu behar dutela.

Kontrara, EAJk eta PSE-EEk adierazi dute lege proposamen horrek aipatzen dituen eskubideak egungo legeetan jada jasota daudela.