Skip to main content

Eneko Andueza: "Eredu territoriala berriztu egin behar da"

Politika

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Terrorismoaren biktimak omendu zituzten atzo Madrilgo Diputatuen Kongresuan, eta PP eta Vox ez ziren bertan izan. Anduezaren esanetan, espero izatekoa da Vox bertan ez egotea, baina "larritzat" jo du PPk ez parte hartzea; horrez gain, salatu du biktimen erabilera politikoa egiten duela.

Espainiako Gobernuak euskal presoak lekualdatzea "momentu politikoarekin bat" dagoen zerbait dela dio, eta gaineratu du legearen barnean dauden neurriak hartzen ari dela: "PP egiten ari dena hipokresia da; Aznarrek eta Mayor Orejak ere presoak gerturatu zituzten ETA aktibo zegoenean".

Torturaren biktimak oroitzeko ekitaldia hizpide, nabarmendu du horrelako ekitaldiak onuragarriak direla elkarbizitza eraikitzeko: "Biktima guztiei egia, ererparazioa eta justizia zor diegu". Faxismoaren gorakadaz ere mintzatu da, eta nabarmendu du "oso arriskutsua" dela Vox bezalako alderdiengana gerturatzea: "Horrelako alderdiak aislatu egin behar dira".

Ekainaren 28a izanik, azken asteetako eraso homofoboez ere mintzatu da, eta nabarmendu du homofobia oraindik ere islatuta dagoela gizartean: "Gaurko eguna erreibindikatzeko eguna da, eta baita urrats gehiago eman behar direla gogoratzeko ere".

Kataluniako egoera politikoa izan du hizpide Anduezak, eta nabarmendu du erabaki "ausarta" eta "logikoa" izan dela indultuak ematea. Aministia eta adostutako errefendum bat "legez kanpokoa" dela nabarmendu du, eta adierazi du garrantzitsua dela eredu territorialaz hitz egitea: "Eredu territoriala berriztu egin behar da, eta gure apustua da konstituzioa aldatzea. Elkarbizitza, elkarlana eta adostasuna; hori da bidea".

Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen pandemiari aurre egiteko legeak Gobernuari behar dituen neurriak hartzeko "bermea" ematen diola nabarmendu du. Elkarrekin Podemosen emendakinak "logikotzat" jo ditu, eta halako adostasuna lortzea "esanguratsua" dela dio. Bere esanetan, pandemiak ez ditu autogobernuaren mugak agerian utzi: "Gobernuen arteko elkarlana funtsezkoa da horrelako egoeretan, eta autogobernuak ematen dizkigun erremintak ahalik eta gehien erabiltzeko aukera eman digu".

Pandemiak areagotutako krisi ekonomikoa hizpide, nabarmendu du lanbideen modernizazioa funtsezko erreminta dela enplegua sortzeko; zentzu horreta, garrantzitsutzat jo ditu Europako Funtsak. Zentzu horretan, nabarmendu du Sanchezek "sekulako solbentiza" erakutsi duela Europaren aurrean, eta ez dela arazorik izango Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat estrategikoak diren proiektuentzako dirua jasotzeko.