EH Bilduk ustezko iruzurra salatu du ETSren lizitazio publiko batean

Josu Estarrona eta Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldi bat egin dute ETS Euskal Trenbide Sarearen lizitazio publiko batean ustez emandako iruzur bat salatzeko. Alegia, Euskal Trenbide Sareak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitako erakunde publikoak, eta Sener Ingenieria y Sistemas enpresak iruzur egin zutela salatu dute, ustez, lehiaketa publiko batean aipatutako enpresa horri 1,2 milioi euroko kontratu bat esleitzeko.

Guztira, sei enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora eta, irizpide objektiboak kontuan hartuta, lau enpresak Sener-ek baino puntuazio hobea lortu zuten arren, ETSk Sener kontratatzea erabaki zuen 1,2 milioi eurotan. Bi aldeek ekainaren 18an formalizatu zuten kontratua.

EH Bilduk ezagutzera eman dituen zantzuen arabera, bi aldeek kontratuaren esleipena aldez aurretik hitzartu eta prestatu zuten, ETSk lehiaketa publikora atera baino lehen.