Hizkuntza gutxituak babesteko legea indarrean sartu da, murgiltze eredua baztertuta

Hizkuntza gutxituak babesteko eta promozionatzeko legea indarrean sartu da, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo sinatu ostean. Konstituzio Kontseiluak ebatzi bezala, euskararen eta bestelako hizkuntza gutxituen murgiltze eredua ez du onarpen ofizialik izango, Konstituzioaren aurkakoa dela ebazten du legeak.

Konstituzioa aldatu beharko litzateke murgiltze eredua bermatzeko. Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek eta euskalgintzako eragileek salatu dutenez, ebazpenak "segurtasun falta" eragiten du Seaskan. Mobilizazio bat deitu dute maiatzaren 29rako Baionan.