Etxeratze-agindurik gabe, baina gauez kalean jende multzoak elkartzeko debekuarekin

Gauerditik indarrean da lege dekretu berria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Arau berriak dio gauerditik goizeko seietara bizikideak ez diren pertsona-multzoak edo jende pilaketak ezingo direla egon parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan eta aire zabaleko antzeko erabilera publikoko guneetan, ezta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere. Edonola ere, espazio horiek erabili ahal izango dira pertsonak igarotzeko eta erabilera profesional edo ekonomikoetarako. Era horretara, kutsatzeen gorakada eten nahi da.

Bien bitartean, Hegoaldetik Iparraldera sartzeko orain arte txertatu gabeko bidaiariek 72 ordu lehenago egindako test negatibo bat eduki behar zuten, COVID-19rik ez zutela frogatzen; orain Frantziako Gobernua 24 ordu lehenago egindako testak eskatzen hasiko da.