EAEn ospitaleetako kontingentzia planaren hirugarren fasea aktibatu dute

Azken asteetako kutsatzeen eragina nabarmena da erietxeen okupazioan. Azken datuen arabera, oraintxe bertan 132 gaixo daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. eta COVIDaren ondorioz 73 pertsona ospitaleratu ziren atzo. Orotara, 496 norbanako daude Osakidetzan ospitaleratuta. Ospitaleetako egoera larriagotzen ari dela ikusirik, instituzioak neurriak hartzen ari dira, ezinbestean. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospitaleetako kontingentzia planaren hirugarren fasea aktibatu dute. Gutxienez 45 ohe gehiago bideratuko dituzte ZIUetara datorren astelehenetik aurrera, eta premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratu egingo dituzte.