Apustu etxeen publizitatearen debekua, indarrean abuztuaren 31tik aurrera Hegoaldean

Asteartean, hilak 31, sartuko da indarrean Hego Euskal Herrian apustu etxeen publizitatea mugatuko duen lege dekretua. Iragan urte bukaeran iragarri zituen neurriak Alberto Garzonek zuzentzen duen Espainiako Gobernuko Kontsumo Ministerioak eta enpresei astearte honetan bukatu zaie arau berrietara moldatzeko trantsizio epea. Horren arabera, besteak beste, irrati eta telebistek ezin izango dute apustu etxeen eta antzekoen publizitaterik jarri goizaldeko 5etatik gaueko ordu bata arte.