42 urte igaro dira Gladys del Estal ekintzaile ekologista hil zutenetik

Gaurkoan Gladys Del Estal dakarkigu gogora. 1979ko ekainaren 3an, Tuteran guardia zibil batek hil zuen ekintzaile ekologista energia nuklearraren aurkako ekitaldi batean. Gaur 42 urte bete dira. 23 urte zituen hil zutenean, Donostiako Egia auzoan bizi zen, enpresa txiki bateko informatika-programatzailea zen eta Kimikako ikasketekin uztartzen zuen bere lana. Egiako Ekologia Taldeko eta EAEko Batzorde Antinuklearretako kidea zen. Jarduera ekologista ugariren antolakuntzan parte hartu zuen, hala nola bizikleta martxetan eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako manifestazioetan.