Image

Gizartea

All Stories

Euskara ikasteko dirulaguntzen aurrekontua handitu du Bilboko Udalak 2023rako

Bilboko Udaleko Euskararen aholku batzordearen bilkura egin da ostegunean, agintaldiko azkena. Askotariko gaiak jorratu dituzte bilkuran, tartean, euskara ikasteko dirulaguntzen aurrekontua handitzea, euskararen egoera, Euskararen Erabileraren gaineko Udal Planaren ebaluazioa edo Administrazioan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak.

Bortzirietan eta Malerrekan bi “makropoligono” eoliko jarri nahi dituztela salatu du Sustrai Erakuntzak

Zehazki, Madrilen egoitza fiskala duen Zelena Renovable enpresak bi parke eoliko paratzeko asmoa du, bakoitza 50MWekoa. Enpresak proiektua aurkeztu du jada, eta orain dagozkion tramiteak egiten ari da sare elektrikoa konektatzeko baimena lortzeko.

Sustrai Erakuntza fundazioak ohartarazi du parke eoliko horiek Bortzirietako eta Malerrekako biodibertsitatea suntsitu eta laborantza lurren “galera” ekarriko duela. Inguruko hainbat herriri eragingo liekete proiektuek; Bortzirikoa Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan eraikiko litzateke, eta Malerrekakoa Ezkurran, Eratsunen, Saldiasen eta Beintza Labaienen.

LABek salatu du Osasunbideko hamar mediku enpresa pribatuetan ari direla lanean, esklusibotasuna kobratu arren

Imanol Carrera LABeko koordinatzaileak ostegun honetan eman du horren berri Iruñean egindako agerraldian. Esklusibotasuna, 800-1.100 euro inguruko gehigarria izaten da, eta berez, hori kobratuta osasun sistema publikoan bakarrik jardun behar dute langileek.

Karrerak azaldu du legez kanpoko jarduera horiek oso sustraituta daudela Osasunbidean, eta eskatu dio Foru Gobernuari miaketa zorrotza egin dezala kasu guztiak azaleratzeko. Kasu horiei gehitu behar zaio otsailean LABek azaleratu zuen beste kasu bat.

Halaber, Karrerak dei egin du larunbat honetan 17:30ean Iruñean osasun publikoaren alde egingo den manifestazioan parte hartzera.

Ainhoa Tirapu, ELA: “39 egun beteko ditugu greban, eta patronala ez da mugitzen”

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileak beste 10 greba egun egiten ari dira ELA sindikatuak deituta. Ainhoa Tirapu sindikatuko kideak azaldu du 29 greba egun egin dituztela dagoeneko, eta 10 egun hauekin 39 izango direla guztira. Hala ere, salatu du patronala ez dela “mugitu”.
Tirapuk azaldu du manifestazioa egin zutela atzo, eta lanaldietan jarri zutela fokua, langile askok ez dutelako lanaldi osoa, eta horrek prekarietatea areagotzen duelako. Zentzu horretan, Tirapuk salatu du “zoritxarrez” langileak “ohituta” daudela mobilizazio luzeak egin behar izateaz, eta “indarrarekin” eta “gogotsu” daudela mobilizazioekin jarraitzeko: “Badirudi egun gehiago behar direla patronalak aldarriak entzun ditzan”.

85 urteren ostean, igandean ekarriko dituzte Galdakaora Pedro Asuaren gorpuzkiak

Pedro Asua Zubiaur 21 urte zituela hil zuten tropa frankistek, Jakan. Urte luzez ezer gutxi zekien familiak Asuari buruz, baina haren iloba txiki Josu Larreak senidea non zen ikertzeari ekin zion, Jakan exekutatu zutela jakitean.

Iazko urrian, Aranzadi Zientzia Elkarteak Pedro Asua Zubiaur miliziano errepublikarraren gorpuzkiak atera zituzten Huescan. Orain, gorpuzkiak entregatzeko ekitaldia egingo dute igandean, Elexalde auzoan den hilerri inguruan, 12:00etan.

Asuaren gorpuzkiak aurkitu izanak, bidea ireki diezaieke hilerriko hobi komunetan lurperatua dauden gainontzeko fusilatuen senideei.

Hiru urte baino gutxiagoko umeak dituzten Nafarroako familiek 100 euro jasoko dituzte hilero

Eskaera presentzialki eta telematikoki egin ahalko da. Dirua 1.200 euroko ordainketa bakarrean jasoko da. 45.000 euro baino gutxiagoko errenta izan beharko dute, eta diru-iturri bat baino gehiago izanez gero, langa 70.000 eurokoa izango da.

Gobernu bileraren ondorengo agerraldian eman dituzten datuen arabera, 9.000 familia inguruk jasoko dute laguntza, aipatutako adin tarteko haurren % 65ek. Epaile batek hala erabakita haurraren zaintza partekatua duen familien kasuan, gurasoen esku egongo da laguntza bietako zeinek eskatu eta jaso erabakitzea.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image