Image

Gizartea

All Stories

Pilar Garaialde: 'Umillatu egin nahi gaituzte, eta gure mina gutxietsi'

Pilar Garaialde Egiari zor fundazioko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Barrionuevoren eta Bellochen adierazpenak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du “estrategia eta paradigma aldaketa” dagoela: “Lehen ukatu egin zuten, eta gaur egun, harrotasunez esaten dute beraiek izan zirela, zigorgabetasunak babesten dituela badakitelako, eta gainera, nahi dute jendarteak hori onar dezala gauza normal bat balitz bezala; hori benetako aberrazioa da demokrazian”.

Hori horrela, Garaialdek azpimarratu du adierazpen horien aurrean fiskaltzak “ofizioz” bidea ireki beharko lukeela, eta Espainiako Gobernuak adierazpen garbi bat egin beharko lukeela “eragindako mina aitortuz eta egindakoa kondenatuz”, eta gehitu du egungo gobernuak garai hartako PSOEtik “aldendu” beharko lukeela. Kontrara, dio Espainiako Gobernuaren adierazpena “onartezina” dela, eta nabarmendu du ez fiskaltzak, ez gobernuak ez dutela “ezer egin”, eta komunikabideek “isildu” egin dutela gertatu dena: “Espainiako Estatuan ez dakite zer gertatu den”.

Zentzu horretan, Garaialdek salatu du estatuaren indarkeriaren biktimak “umiliatu” eta “gutxietsi” egin dituztela: “Ez da bakarrik ez dela sententzia kondenatoriorik izan; zigorgabetasuna izan dute, kondekoratu egin dituzte, hauspotu". Hori horrela, Garaialdek gehitu du oraindik ere estatuaren indarkeriaren biktimak “diskriminazioa” jasaten dutela, eta oraindik “asko” falta dela beste biktimekiko tratu berdinera iristeko, baina onartu du egoera orain dela 10 urte baino hobea dela: “Orain dela 10 urte inork ez zukeen esango orain gauden momentuan egongo ginenik”. Bide horretan, garrantzitsutzat jo du Eusko Jaurlaritzaren 2/2006 Legea: “Lege horrek ahalbidetu du 82 biktima inguru aitortzea, eta Nafarroan ere ireki da bidea, baina lege horrek ere hobekuntzak behar ditu, eta saiatuko gara horretan”.

Garaialdek nabarmendu du herri batek bere oraina eta etorkizuna erabakitzeko aukera izan beharko lukeela herrialde demokratiko batean. Horrez gain, adierazi du “aztertu” behar dela zer gertatzen den egungo eredu judizialarekin: “Horrela ezin da bizikidetza demokratikorik lortu, eta kontutan hartu behar da gatazka politiko bat egon dela, eta gatazka politiko horrek oraindik irauten duela”. Kontrara, salatu du “galtzaileen eta irabazleen markoa inposatu” nahi dutela, eta hori ez dela demokratikoa: “Errelatoen gerra dago”.

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek ez dute elkarretaratze gehiagorik egingo ostiral arte

Abenduaren 2tik ari dira zerbitzuburuak Donostia Ospitaleko atarian elkarretaratzeak egiten, gertatutako bi kargugabetzeak eragindako haserrearen ondorioz. Osakidetzako zuzendaritzak hartutako beste hainbat erabakiren gaineko desadostasuna berretsi dute geroztik, astearte honetan bertan, berritu egin dute protesta. Ondoren jakinarazi dute, ordea, ez dutela elkarretaratze gehiagorik egingo ostiral arte. “Itxaropenerako bidea” ematen duten keinuak atzeman dituztela adierazi du Adolfo Lopez de Muniain eledunak.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image