Image

Gizartea

All Stories

Peio Oria, Aemet: “Datozen bi goizaldetan elur gehiago botatzeko aukera dago”

Elurra eta hotza bueltan dira Euskal Herrian. Asko hoztu da giroa, eta elurra Euskal Herriko zenbait lekutan agertu da, kostaldetik gertu dauden batzuetan ere bai. Edonola ere, ez du leku guztietan zuritu, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko zenbait tokitan elurra ikusgai izan bada ere, batez ere Araban eta Nafarroan utzi du arrastorik handiena.

Roberto Ruiz de Arkaute, Euskal Herria Bizirik: “Gure helburua da atxikimendua lortzea gizarte zabalean”

Euskal Herria Bizirik ekimena sortu dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hogei eragile ekologistak, natura ondarea eta landa eremua defendatzeko eta azpiegituren proiektu handien aurka egiteko. Nafarroako zenbait taldek ere parte hartzen dute. Pasa den astean Donostian prentsaurrekoa egin zuten eta aurrerantzean bestelako ekintzak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Roberto Ruiz de Arkaute izan dugu Hamaika Telebistan.

Espetxeratu zutenetik urtebete igarota, politikariek, elkarteek eta GKEek Pablo Gonzalezen egoera salatu dute

Urtebete igaro da Poloniako Poliziak Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zutenetik, eta Poloniako auzitegi batek atxiloaldia hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen astelehenean. Maiatzaren 24ra arte jarraituko du preso.

Amnistia Internazionalak Poloniako fiskaltza nagusiari eskatu dio Gonzalez epaiketa egin arte aske uzteko. EH Bilduko diputatuak salatu egin du kazetariak duela urtebetetik jasaten duen babesgabetasuna eta isolamendu egoera. Bingen Zupiriak Pablo Gonzalezi dagozkion eskubide guztiak bermatzea eskatu du. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adierazpen bat sinatu dute, espetxealdiaren azken luzapenaren kontra.

22 urteko preso bat bere ziegan hilda aurkitu dute Zaballako espetxean

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman ditu datuok, Gobernu Bileraren ondoren egindako agerraldian. Gizonezkoa 2020ko irailetik zegoen preso, eta ez zegoen suizidioaren prebentziorako programan. Gasteizko Zaintzako Epaitegiaren esku utzi dute kasua, gorpua altxatu eta dagozkion prozedurak abiarazteko. Halaber, Segurtasun Sailak ikerketa bat abiatuko du zer gertatu den ikertzeko.

Salhaketa elkarteak jakitera eman zuenez 2020an sei pertsona hil ziren Zaballako espetxean, eta beste bost hil ziren 2019ko urtarriletik urrira. Duela gutxi, elkarte berak jakinarazi zuen Bizkaiko preso bat hil zela Dueñasko espetxean.

Olatz Linazisoro, Txernobil elkartea: “Laguntza eskatzen diguten guztien beharrak asetzen saiatzen gara”

Ukraniako Gerra hasi zenetik urtebetera, Olatz Linazisoro Txernobil elkarteko kidea izan dugu gurekin. Beren urte hauetako guztietako lana Ukraniako landa eremuan bizi diren haurrentzako harrera familiak aurkitzea izan da, baina gerra hasi zenetik, familientzako harrera eskaintzen aritu dira.
Gerra hasi zenean, komunikazioa eten egin zen bat-batean, eta hilabete osoan ez zuten elkarren berririk izan. Komunikazioa berreskuratu ondoren, Galdakaoko boluntario talderen bidez bidaiak antolatu, eta haur eta beren familia asko eta asko ekarri zituzten Euskal Herrira, baina horietako beste batzuk han gelditzea erabaki zuten. Nolanahi ere, Linazisorok azpimarratu du kontaktuan jarraitzen dutela, eta beharrak sortzen direnean saiatzen direla guztien beharrak asetzen.

Xanti Ugarte: “Zaintzaren gaia gizarteratu eta demokratizatu egin behar da”

Zaintza sektorearekin lotutako hainbat elkartek Zaintza Demokratizatu plataforma eratu dute, eta horri buruz hitz egin dugu Xanti Ugarterekin. Ugartek azpimarratu du datozen urteetan zaintzarekin lotutako arazoak areagotu egingo direla (biztanleriaren zahartzea, esaterako), eta ez dutela alderdien eskutik horri aurre egiteko “baldintzarik” ikusten.
Hori horrela, nabarmendu du “kontsentsu zabala” egon behar dela, eta alderdien arteko eztabaida martxan jarri behar dela: “Herritarrok jakin behar dugu alderdi bakoitzak zer defendatzen duen, eta nork hartu dituen, esaterako, pribatizazio neurriak. Gure eskubideak bermatu egin behar dira, eta lege bat behar dugu. Jakin behar dugu gure eskubideak zeintzuk diren, eta orain aldundi bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu. Ez dago debaterik, eta ez dago demokraziarik”.
Ugarteren esanetan, zaintza sektoreko hainbat elkartek (sindikatuak, langileak…) “arazo larriak” dituzte, eta erabiltzaileek ikusten dute erabaki “okerrak” hartzen ari direla. Hori horrela, Ugartek azpimarratu du gaia “gizarteratu” eta “demokratizatu” egin behar dela, eta parte hartzeko eskubidea “bermatu” behar zaiela herritarrei.
Hori horrela, Ugartek azpimarratu du Gipuzkoan alderdi politikoekin hitzorduak jarri dituztela, eta eskatuko dietela mahai gainean dauden arazoei (soldatak lan baldintzak…) erantzutea, eta zerbitzuak izan daitezela “gutxienez” beste gizarte zerbitzuen antzekoak. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote zaintzari lotutako lege bat martxan jar dezala.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image