Skip to main content

Tubacexeko batzordearen gehiengoak Lakuak aurkeztutako akordio-proposamena onartu du

Ekonomia

Tubacexen akordio baten aurrekoa lortu dute zuzendaritzak eta langile-batzordeak.  Langile batzordeak ohar bidez jakinarazi duenez, Tubacexeko langile ordezkarien gehiengoak Lakuak aurkeztutako akordio-proposamena onartu du. Orain langileek afiliatuen bileretan berretsi beharko dute akordioa.

Beharginek lortu egin dute beren eskaera nagusitzat jo daitekeena, enpresak ez baitu inor kaleratuko gutxienez 2024 arte. Trukean, enpresak lortu du soldatak izoztea eta lanaldia 40 ordu luzatzea.

LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, onartezina iruditu zaio Lan eta Enplegu Sailak lanaldia handitzea proposatzea langileak kaleratu nahi izan dituen eta bi erregulazio-espediente aplikatu dituen enpresa batean. Era berean, ELA sindikatuak ohar bidez azaldu du lanaldia igotzeko proposamenean kontraesan nabaria dagoela.

Ostiral arratsaldean bilduko dira CCOOko afiliatuak zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko aurre-akordioaren gaineko iritzia emateko. Haien botoa erabakigarria izango da.