Skip to main content

Hipoteken garestitzearen aurkako neurri berriak onartu dituzte

Ekonomia

Espainiako Gobernuak asteartean egindako bileran onartu du Euriborraren igoera bortitzak eragindako familia hipotekadunei laguntzeko neurri sorta. Asmoa da neurri horiek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izatea eskuragarri.

Inflazioaren ondorioz, interes tasak oso bizkor ari dira igotzen eta horrek zuzenean eragiten dio Euriborrari. Pedro Sanchezen Gobernuak zehaztu duenez, egun, 3,7 milioi hipoteka daude Euribor indizeari lotuta. Hainbat urtez maila negatiboan egon ondoren, hilabete gutxiren buruan hiru puntu portzentualetik gora handitu da: %2,81 da oraingoz batezbestekoa.

Hipotekaren zenbatekoak inoiz izandako garestitzerik handiena izan du, horregatik, neurri berriak ezarri behar izan dute. Laguntza jasotzeko muga 29.400 euroko diru sarreretara igo dute, eta horrela milioi bat familiarengana iritsi ahal direla ziurtatu du Madrilek. Jaso ditzaketen laguntzak dira, alde batetik, kuota izoztea urtebetez, eta bestetik, hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea.