Skip to main content

Begoñe Markina, Gorabide: “Urte hauetan galdutako erosmen ahalmena berreskuratzea eskatzen dugu”

Ekonomia

Gorabidek, Aspacek, Madres Mercedariasek eta Gaude aniztasun funtzionaleko sektoreko langileek bi eguneko greba bateratua egin dute, eta gurekin izan dugu Begoñe Markina Gorabideko langilea. Azaldu du erantzuna “primerakoa” izaten ari dela, eta atzo eta gaur egin dituzten ekintzetara jende ugari hurbildu dela: “Entzun gaituzte”.
Gorabideko langileak salatu du 2019an amaitu zitzaiela hitzarmena, eta urte hauetan guztietan ez dutela hitzarmenik berritu: “Pandemia garaian esaten ziguten ezinbestekoak ginela, eta orain ikusezinak gara”. Nabarmendu du pandemia garaian ez zutela bilerarik izan, lehentasuna zerbitzua ematea zelako. Salatu du, ordea, orain urte horietakoa galdutzat ematea nahi dutela arduradunek: “Esaten digute galdutakoa galduta dagoela, baina guk eskatzen dugu urte hauetako erosmen ahalmena berreskuratzea, eta baita beste kontu batzuk ere: kontziliazio neurriak eta kontratu berri duinak”.
Markinak salatu du ez Aldundiak, ez eta elkartearen zuzendaritzak ere ez dutela mugimendurik egin, eta batek bestearen gainean jartzen duela ardura: “Aldundiak esaten digu enpresaren eta lankideen artean konpondu beharko ditugula gure diferentziak, eta gero, Aldundira jo. Aldiz, enpresaren zuzendaritzak dio Aldundiak ez duela laguntzen hitzartutako gauzak martxan jartzen”.