Skip to main content

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2,1 haztekoa da 2023an

Ekonomia

Eusko Jaurlaritzak 2022ko eta 2023ko aurreikuspen ekonomikoak berrikusi ditu, hazkunde ekonomikoa murriztuta, "pandemiak dagoeneko ahuldu duen" mundu mailako ekonomia "kolpatu" duten gertakarien ondorioz.

Argi mintzatu da Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua: “Ez dut atzeraldirik ikusten”. Batez ere, 2023rako aurreikusita zegoen hazkundea erdira murriztu du. % 4,1etik % 2,1era igaro da hiruhileko batean. 2022ri dagokionez, gutxiago aldatu da aurreikuspena: % 4,5etik % 4,3ra.

Dena den, Azpiazuk onartu du “inguruak” okerrera egiten badu eta inflazio handia luzatuz gero aldatu egin beharko dituztela iragarpenak.

Lanari dagokionez, Jaurlaritzak aurreikusi du langabezia tasak murrizten jarraituko duela: 8,8 % aurten eta 8,3 % datorren urtean, 26.000 eta 12.000 lanpostu sortuta, hurrenez hurren. Industriaren jarduera, ordea, gelditu egin da udan, "inguruneko herrialdeetan" bezala, kostuen gorakadaren, interes tasen igoeren eta ziurgabetasunaren ondorioz. Moteltasun horrek zerbitzuen hazkuntza erritmoari ere eragin dio.