Koldo Otamendi: "Musika eszenaren oinarria taberna, areto txiki eta kolektiboak dira"
Elkarrizketa
Musika Zuzenean egitasmoak 15 urte bete ditu Euskal Herriko musika eszenaren agendaren berri ematen MusikaZuzenean.eus agerkari digitalean, eta hori ospatzeko, 15 kontzertu antolatu dituzte 15 egunetan eta 15 lekutan, urriaren 6an hasi eta 19ra arte. Ez dituzte ausaz aukeratu leku horiek; izan ere, Koldo Otamendi Musika Zuzenean egitasmoaren arduradunaren iritziz, musika eszenaren funtsa aretxo txiki, gaztetxe, elkarte eta musika kolektiboak dira: "Sustrarik gabe, ez dago musikarik, eta oinarria taberna, aretxo txiki, elkarte eta musika kolektiboak dira".
Gehitu du azkenaldian ugaritu diren emanaldi handien ezberdintasun handiena dela egun artista bakar batek lortzen duela erronka hori: "Euskal Herrian beti egon izan dira kontzertu masiboak: Hatortxu Rock, 40 Minutu Rock... Taldeek kolektiboki hartu izan dute parte kausa baten alde. Gaur egun, artista batek lortzen du hori modu petsonalean". Bere ustetan, makrojaialdien tendentzia hedatzen ari da eta dio musikaz gozatzeko aukera bat dela: "Irudiaren aro honetan, espektakulua garrantzitsuagoa da musika bera baino, baina bakoitzak erabakitzen du nora joan. Gu eszena kolektiboen aldekoak gara".
Uste du uztargarriak direla makrojaialdiak eta eszena txikia: "Eszena txikia beti egon da eta beti egongo da. Kontzertu txikien helburua ez da jende asko biltzea eta musika da lehen lanabesa. Makrojaialdietako publikoa ez da publiko musikazalea, musika maite du, baina beste esperientzia bat bizitzea dute xede, eta areto txikietako kontzertuak ez dira erakargarriak beraientzat".