Iratxe Reparaz, kartelgilea: "Ametsa izan da Durangoko Azokako iruditegia egitea"
Durangoko Azoka 2025
Maite de Felipe Suso
Iratxe Reparaz aurtengo Durangoko Azokako kartelgilearekin elkartu da Hamaika. "Pozik eta lasai" gerturatu da larunbat honetan azokara, kartelaren feedbacka ona izan delako: "Hori da onena". Reparazen esanetan, kartelaren enkargua zerbait ezberdina egitea izan zen, eta hortik sortu zen kartel infinituen ideia: "Infinitutasun horretan koloreak anitzak dira; argi nuen zerbait koloretsua izan behar zela eta hortik dator koloreen nahasketa", azaldu du.
Reparazek azaldu du azokaren 60. urtemuga dagoela kartelaren diseinuaren oinarrian: "60 zenbakia deformatuz forma eta ibilbide ugari agertzen zirela ohartu nintzen eta hori da Durangoko Azoka, 60 urtetan etengabeko mugimenduan egon den instituzioa, forma eta kolore anitz dituena", adierazi du. Nabarmendu du txikitatik etorri izan dela azokara, bisitari gisa lehenengo eta profesional gisa ondoren, eta "ametsa" izan dela Durangoko Azokako iruditegia egitea.