Skip to main content
bannerra

Gorenari bankaren alde egotea egotzi dio Kaleratzeak Stop plataformak

Gorenari bankaren alde egotea egotzi dio Kaleratzeak Stop plataformak

Espainiako Auzitegi Gorenari bakuen alde egotea leporatu dio Kaleratzeak Stop plataformak, Bilbon egindako elkarretaratzean. Etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatu dute, hipoteken zergen inguruko auzian, Gorenak finantza erakundeen interesen alde egin duen aste berean. Asteartean, Goreneko osoko bilkurako hamabost epailek bankaren alde egin zuten, eta bezeroen alde hamahiruk. Bi egunez bilduta egon ondoren hartu dute erabakia eta Gorenak berak bertan behera utzi du bi aste lehenago ebatzi eta martxan jarritako doktrina.

Presio handiak izan dira Goreneko epaimahaiarenganako. Alde batetik, bankuek ez diete orain arteko dirutza bueltatu nahi bezeroei, eta argudiatu dute legea bete baino ez dutela egin. Bestetik, Espainiako Ogasun ministroak epaia baino lehen iragarri zuen, zerga bankuen bizkar jarriz gero, azken finean, autonomia erkidegoek itzuli beharko lieketela dirua kaltetuei 5.000 milioi euroko faktura. Unidos Podemosek, bere aldetik, herritarrak kalera ateratzeko eskaria egina du. Badirudi, beraz, herritarren balizko presioak eduki duela pisurik txikiena.

Ebazpen horren ondoren, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du legea aldatuko duela hipoteken zerga bankuek ordain dezaten. Ostegun honetan Ministroen Kontseiluan hartzekoa den erabakia bezperan iragarri du Sanchezek.

Espainiako Diputatuen kongresuko EH Bilduko ordezkari Marian Beitialarrangoitia oso kritiko agertu da Sanchezen hitzekin. Herritarren mesederako neurriak berandu datozela adierazi du eta ez dutela egoera injusturik iraultzen.

Hego Euskal Herrira etorrita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da zerga hori ordaintzen, baldin eta erositako etxea bizitoki nagusia bada. Nafarroako Ogasunak, berriz, ardura hipotekarioaren %0,5 kobratzen du, eta bezeroek ordaintzen dute, ez bankuek. Edonola ere, Nafarroako Gobernuak aste honetan iragarri du berrikusi egin nahi duela bankuek zergea ordaintzeko aukera.


 
bannerra

bannerra